Gaztak hartu du protagonismoa Markina-Xemeinen
Noa tabernako Enigma pintxoak irabazi du pintxo onenaren saria, eta Antsotegik bigarrena, Txikiñenfest pintxoagaz.
Euskal gaztagintza artisauaren plaza izan da Markina-Xemein urriaren 19tik gaur [urriak 24] arte. Izan ere, Leartiker Esneki Zentroak eduki du FACEnetwork Europako gaztagile eta esneki artisauen sare nagusiaren bilkura antolatzeko ardura, eta hainbat herrialdetako profesional, ikertzaile, teknikari, erakunde eta ekoizle batu dira udalerrian, esneki sektore aritsauaren inguruko ezagutza, esperientziak eta gaur egun sektorean izandako aurrerapenak partekartzeko. Gaur eman diote amaiera hitzorduari Plazabarripean jarri duten Aritsau Gaztaren Azokagaz. Gainera, gazta pintxo lehiaketaren sariak ere banatu dituzte: Noa tabernak eskatu du lehenengoa, Enigma pintxoagaz, eta Antsotegik bigarrena, Txikiñenfest pintxoagaz.
Eguraldia lagun, giro ederragaz eman diote amaiera kongresuaren asteari markina-xemeindarrek. Artisau gazten sei postu jarri dituzte Plazaberripean, eta umeentzako jolasak eta familientzako tailerrak ere egon dira azokaren baitan. Jendea postuz postu ibili da, gazta dastatu eta erosteko asmoz. Gainera, azokak eta Txara Trailen amaieran bat egin dute bertan; beraz, jendetza batu da Plazaberripean.

Markina-Xemeingo tabernek ere bat egin dute gaztaren asteagaz, eta bertako produktuak eskaintzearen alde eginez, gazta pintxo lehiaketan parte hartu dute, “herritarrei gozatzeko aukera emateko”. Hala, herenegun, atzo eta gaur gazta pintxoak eskaini dituzte udalerriko zenbat tabernek: Antsotegi, Ilunpe, Irurok, Iruzubi, Kintal, Melo’s, Mendibil, Mugarri, Naroki, Noa, Toldope eta Vega. Hiru egunetan pintxoak dastatzeko aukera eman ondoren, gaur iragarri dituzte irabazleak: Noa tabernako Enigma pintxoa aukeratu du irabazletzat epaimahaiak, eta Etxebarriko Antsotegiko Txikiñenfest izan da bigarren postua eskuratu duena.