Egun "ederra" igaro dute XII. Usotegi Egunean
Zapatuan [urriak 24] Lekeitioko Usotegi herritarren ortua izan zen lekeitiarren nahiz ingurukoen elkargunea. Besteren artean, hitzaldiaz gozatzeko, bertoko produktuak erosteko eta lehiaketa ugaritan parte hartzkeo aukera eduki zuten
XII. Usotegi Eguneko partaideakLekitto Bedarra Auzolana oinarri duen Usotegi herritarren ortuan elkartu ziren zapatuan [urriak 24] herriko nahiz inguruetako biztanleak, eta Lekitto Bedarraren ekimenez, XII. Usotegi Eguna ospatu zuten. Giro ederra lagun, antolatutako ekintzak guztiak “ondo” joan zirela adierazi duten antolatzaileek: “Goiz ederra pasatu dugu”.
Denetariko ekintzak eduki zituzten aukeran. Eguna hasteko Kostabiren produktu ugari erosteko aukera egon zen, eta “ederki” saldu zirela adierazi dute: “Kostabiren baserriko produktuak eduki genituen, eta ekarritako produktuak ondo saldu dira: azelgak, letxugak, tomateak, azak, piper haundiak, porruak, kiwiak eta kalabazak”.
Eguerdian, ostera, Itsasoko ura, orturako ongarri ezin hobea hitzaldiagaz gozatu zuten bertaratu zirenek. Hitzaldi “interesgarria” izan zen, eta ortuko estruktura hobetzeko mikroorganismoak zelan erabili ikasi zuten: “Zeanuriko Migel Angel Beitiak euri ura itsaoko urarekin nahasten erakutsi zien partaideei. Ondoren, arrozak sortzen duen almidoia gehitu zion. Horrela, oso erabilgarria den salda egin zuen, lurrari hamar egunez behin botatzeko balio duena. Itsasoa ongarri ezin hobea dela konturatu gara, eta alboan edukita, bakoitza bere ortuan praktikatzekotan geratu gara”.

HitzaldiaLekitto Bedarra
Egiteko ugari. Ortuaz era askotara gozatu daitekeela erakutsi dute Lekitto Bedarrako kideek. Horren erakusgarri izan ziren egin zituen lehiaketa eta zozketa guztiak. Aitzur jaurtiketagaz hasi zuten jarduna. Gizonezkoetan bost partaide egon ziren, eta aurretik hiru aldiz irabazitako Kristian Arantzamendi izan zen garailea, aitzurra 19 metro eta 40 zentimetro jaurtita. Bigarren, Julian Arrate Lekitto Bedarrako kidea geratu zen, 17,50 metro jaurtita. Emakumezkoetan, ostera, lau parte hartzaile egon ziren, eta Goizalde Roldanek irabazi zuen lehia, ia 10 metroko jaurtiketa eginda (9,98 metro). Bigarren, ostera, aurretik bi aldiz irabazi izan duen Idoia Zabala geratu zen, 9,86 metroko jaurtiketagaz.
Ruperta kalabazaren pisua asmatzera ere jolastu zuten partaideek, eta Libe Plaza izan zen pisura gehien hurbildu zena: 6,680 kilo eduki zituen kalabazak, eta Plazak Dominikar moje erregalatu zien. Piper kopuruaren jokoan, ostera, Arai Arantzamendi izan zen irabazlea: 221 piper egon ziren saskian. Azkenik, bigarren kalabaza baten pisua asmatzera jokatu zuten, eta Haritz Uria eibartarra hurbildu zen gehien; 9,980 kilo zituen kalabazak.
Egun ederra igarota, Lekitto Bedarrako kideek eskerrak eman nahiz izan dizkiete bertaratu ziren denei nahiz auzoko komertzio txikiei, ekitzak aurrera eroateko laguntza eskaintzeagatik.