Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra, greba orokorra deitu dute sindikatuek
'Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!' lelopean aterako da kalera Euskal Herriko langileria azaroaren 11ko greba orokorrean. Mobilizazioak egingo dituzte goizean Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan.
Iruñeko Burgen plazan egin zuten agerraldia eguenean. Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Azaroaren 11n egingo den greba orokorra dela eta Iruñeko Burgen plazan zein Bilboko Arriagan batu ziren eguenean Hego Euskal Herriko sindikatuak: LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean aterako dira kalera azaroaren 11n, etxebizitzaren eskubidea bermatu, etxebizitzaren espekulazioaren aurka egin, eta erakundeak interpelatuz. Bertan, greba orokorrerako adostutako aldarrikapenak eta mobilizaziak publiko egin zituzten agerraldian. Greba egunean 12:30ean egongo da mobilizazioa Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran, eta Gasteizen eta Eibarren 12:00etan batuko dira.
Hala, etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioari ezetz esateaz gain, langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde ere borrokatuko dute greba egunean, baita denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalaren defentsan ere. Sindikatuek egoera “jasanezina” salatu dute; horregatik, “kaleak hartu eta erroko eraldaketak” bultzatzeko garaia dela azpimarratu dute: “Egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Izan ere, ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela”.
Espekulazioan eta errentismoan jarri dute begirada sindikatuek, eta etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko lukeela adierazi dute: “Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusi ere. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia, ordea, etxebizitzarekin egiten den negozioa da. Zehazki, espekulazioa eta errentismoa jarri nahi ditugu jomugan. Putre funtsen negozioaren ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gero eta herritar gehiagorentzat, baina baita eraikuntza enpresak, banketxeek edota errentistek etxebizitza langileen kontura aberasten jarraitzeko darabiltelako ere”. Etxebizitzaren azaroa eskaintza eta eskariaren arteko desorekatik ez datorrela adierazi dute, baizik eta “oinarrizko behar bat” merkatu espekulatzaile eta errentistaren zerbitzura dagoela. Izan ere, etxebizitza eskubidea eta etxebizitzaren negozio espekulatiboa “bateraezinak” direla diote; hortaz, bata ero bestea aukeratu beharra dagoela: “Kalitatezko etxebizitza bermatu behar da langile guztiontzat“.
Sindikatuek argi daukate posible dela langile guztientzako kalitatezko etxebizitza bermatzea; hala ere, horretarako, beharrezkoa iruditzen zaie erroko hiru aldaketa ematea: espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboaren debekua, eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharrez araberakoa eta justua. Aipatutako “egiturazko aldaketak” eman ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dutela argi daukate. Izan ere, langileariaren “berehalako itoaldia” arintzeko etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera “beharrezko neurriak” direla aldarrikatu dute: “Gaur gaurkoz, ordea, ez dago halako neuriririk onartu duen gobernurik. PSOEk gidatutako gobernuak ez du ezer egin egoera egituraz aldatzeko, errentisten eta enpresarien alderdi bat den heinean. Eta horretan ardura dute ere PSOEren Gobernua babestu duten alderdi guztiek, agerikoa baita triunfalismo handiz aurkeztu zuten Etxebizitza Legeak ez duela agindutako aldaketarik ekarri”. Bide horretatik, EAJren gain ere jarri dute pisua: “Azken asteetan bi errege dekretu aurkeztu ditu espainiar Gobernuak, kale mobilizazioak behartuta. Eraginkortasun urriko partxe batzuk gora behera, dekretu horiekin errentismoaren interesak eta finantziazioa blindatu nahi izan dituzte. Era berean, EAJ etxebizitzaren negozioarekin harreman zuzenak eta estuak dituen alderdi bezala erretratatu da berriro ere, negoziazioetan errentismoaren interesak defendatuz eta alokairu kontratu mugagabeen aurka bozkatuz, UPNk egin bezala”.
Eusko Jaurlaritzan zein Nafar Gobernuan ere jarri dute arduraren zama, etxebizitza negozioa indartzen duten politikak babesten dituztela argudiatuz: “Higiezin enpresa eta errentisten interesekin lerratuta, espekulatzaileen esku amaitzen duten diru laguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza ziklo berri bati bide emateko legeak onartu dituzte, eta etxejabe handientzako zerga onuretan oinarritutako politikak egiten ari dira. Azkenik, alderdi guztietako udaletxeek alternatibarik gabeko etxegabetzeak baimendu edo gauzatzen dituzte egunez egun”. Bide horretatik, errentisten aldeko politikak egiteari eta babesteari uzteko garaia dela adierazi dute, baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparruan aurrera urratsak ematekoa ere: “Euskal langileon lan baldintzei eta etxebizitzari loturiko neurriak hartu behar dira”. Erakundeak interpelatzeaz gain, patronala ere seinalatu dute sindikatuek: “Confebask eta CEN patronalek langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari”.
Horrez gain, etxebizitzaren auzia “soluzio errealik barik” alderdien interesen alde erabiltzearen kontra azaldu dira sindikatuak: “Euskal langileriak badaki euskibideak antolatuta eta borrokan irabazten direla. Edozein delarik ere hurrengo gilbeteetan irekitzen zaigun eszenatokia, langile klase antolatua eta indartsua klabea izango da, izan erreakzioa eta faxismoaren aurrean eskubide murrizketei aurre egiteko, izan ezker alderdiek eman ez dituzten aurrerapausoak konkistatzeko”.
Beraz, aipatutakoa kontuan izanda, Hego Euskal Herriko sindikatuek dei egiten die herritarrei greba orokorrarekin bat egin, kaleak hartu eta antolatzera: “Bide honetan, greba egunean modu bateratuan antolatu ditugun manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu!”.