Adineko pertsonen arteko sarea indartzea helburu, Lea Ibarreko Nagusien Eguna ospatuko dute
Lea Ibarreko I. Nagusien Eguna ospatuko dute azaroaren 14an [zapatua] Munitibarren. Bazkarirako izen ematea zabalik dago bailarako udaletxeetan azaroaren 6ra [barikua] arte.
Lea Ibarreko adineko pertsonen arteko sarea indartu eta komunitatean elkarrekin gozatzeko aukera izatea asmo, bailarako lehenengo Nagusien Eguna ospatuko dute azaroaren 14an [zapatua] Munitibarren, Lea Ibarreko Lagunkoia taldeak eta Mankomunazgoak elkarlanean antolatuta. Bazkarirako izen ematea zabalik dago azaroaren 6ra [barikua] arte, Mankomunazgoa osatzen duten udaletxeetan; kostua 20 eurokoa izango da.
Eguna “goi-goitik” ospatzeko egitarau “biribila” antolatu dute lagunkoiako kideek. Hala, 12:30erako ekingo diote egitarauari Herriko Plazan egingo duten ongietorriagaz. Ondoren, sortu berri den Lea Ibarra Lagunkoia taldearen aurkezpena egingo dute taldekideek, probalekuko auditorioan, eta 13:15ean bertso saioa egongo da Aissa Intxausti eta Miren Amurizaren eskutik. 14:30ean bazkaritan batuko dira guztiak frontoian, eta egunari amaiera emateko Noka taldeagaz kantu kantari ibiliko dira, karta jokoan jolastu bitartean. Antolatzaileek 60 urtetik gorako bailarako herritar guztiak gonbidatu dituzte I.Nagusien Egunera: “Animatu eta zatoz eguna elkarrekin gozatzera!”.
Autobus zerbitzua. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Lea Ibarreko Mankomunazgoak autobus zerbitzua jarriko du goizean eta iluntzean. Goizeko autobusa 12:00etan izango da, eta iluntzekoa 18:30ean. Bi ibilbide egingo dituzte autobusek, goizean zein iluntzean: goizekoa, Mendexatik aterako da, eta Oleta, Gizaburuaga eta Aulesti igaro ondoren helduko da Munitibarrera, bestea ordea, Amorototik aterako da eta ibilbide berdina egingo du helmugara heltzeko. Bueltako autobusak ibilbide berdinak egingo ditu kontrako noranzkoan.