Bertso Txarri Boda ospatuko dute Aulestin
Unai Iturriaga eta Nerea Ibarzabal ariko dira bertsotan azaroaren 6an [barikua].
Hogei urtetik gorako usadioa jarraituz, aurten ere, Bertso Txarri Boda ospatuko dute azaroaren 6an [barikua] Aulestin, udalak antolatuta. Ilunzar tabernan izango dute hitzordua herritarrek, eta 21:00etan emango diote hasiera Bertso Txarri Bodari. Bere garaian, Trolebu Elkarteak sortu zuen afaria da honakoa, eta aurretiaz Mariano jatetxean egiten bazen ere, azken urteetan, Ilunzarren egin izan da.
Aurten, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Unai Iturriaga durangarra ariko dira bertsotan, aulestiarrei afariko tarte goxoa eskainiz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak salgai daude Ilunzar tabernan, 32 euroren trukean. Oraindik ikusteko badago ere, normalean 50 lagun inguru batzen direla zehaztu dute antolatzaileek, eta giro ederra lagun, iluntze “biribila” pasatzen dutela azpimarratu dute.