Egitarau zabalagaz dator Literatur Amuak jaialdia
Bihar [urriak 29] emango diote hasiera ondarrutarrek urteroko Literatur Amuak jaialdiari. Euskara eta sormena uztartuz, kultur ekimenez beteko dute herria datozen asteetan.
Ondarroako Udal ordezkariak Literatur Amuak kultur ekimena aurkezten. Ondarroako Udala. Euskara eta sormena uztartuz, kulturaren plaza bihurtuko da datozen egunetan Ondarroa, Literatur Amuak jaialdiagaz. Gainera, Ondarroako Udaletik azaldu dutenez, aurten, “inoizko egitarau zabalena” antolatu dute, eta ohiko ekintzez gain, herriko zein eskualdeko sortzaileek protagonismo berezia izango dute: “Euskarazko sormenaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dugu, herrira berton sortutako piezak ekarriz eta herriko artistei Ondarroan bertan plaza bat eskainiz”. Hala, aurten ere, literatura, bertsolaritza, hitzaldiak, zinema, antzerkia, olerkigintza eta ilustrazioa uztartuko ditu jaialdiak.
Bihar [urriak 29] emango diote hasiera egitarauari, eta datozen asteetan hamaika kultur ekimen egongo dira Ondarroako txoko ezberdinetan. Gainera, zenbait arlotako sortzaileei lekua egiten dien jaialdia izanik, urteko kultur agendan “finkatuta” dagoen jaialdia dela azpimarratu du udalak, eta aurten, gainera, bertoko sortzaile zein eragileak egongo dira lehen lerroan; besteak beste, Pilar Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Mikel Etxaburu, Xabat Lertxundi, Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Joxe Mari Urteaga, Maren Basterretxea, Bertsutan elkartea, Txitxin Potxin elkartea, 100 urte uberan taldea, Zientziaren Giltzak elkartea, TU-K, Artelan, Unanue Udal Musika Eskola eta herriko ikastetxeak.
Ekitaldi guztietara heldu ahala sartu ahalko dira herritarrak, aretoa bete arte. Bertso bazkaria izango da salbuespena; sarrerak Turismo Bulegoan edo Antiguako Ama tabernan daude. Beraz, bihartik hasi eta azaroaren 22ra luzatuko da egitaraua: guztira 14 ekimen egongo dira. Aurten ere, jaialdiaren baitan kokatu ditu udalak Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren eta Nanoipuin lehiaketaren sari banaketak. Azaroaren 5ean [barikua] 18:00etan hasiko da nobela beka sariketaren XXVI. edizioa, eta bertan, Joxe Mari Urteagak iazko bekatik sortutako liburua idatzi duen Ekaitz Herrera elkarrizketatuko du. Ostean, aurtengo bekaren irabazlea jakinaraziko du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak. Amaitutakoan, XV. Nanoipuin Lehiaketako sari banaketa egingo da.
EGITARAUA
Bihar, urriak 29, eguena
- 18:30. Soinuaren zientzia. Ahots bat mila ahots, narrazio musikatua. Ugaitz Alegria eta Nerea Gartzia narratzaile, eta Maraian Atria biolin jotzailea. Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta. Kofradia Zaharrean.
Etzi, urriak 30, barikua
- 14:30. Ipuin kontaketa, dibertigarria, magikoa eta beldurgarria, Miru ipuin kontalariaren eskutik, umeentzat. Elizako aterpean.
- 19:00. Bizi sintetikoak, poesia eta musika elektronikoa Leire Vargas eta Jaime Nietoren eskutik. Kofradia Zaharrean.
Zapatua, urriak 31
- 10:00-12:00. Liburuen Amuak, irakurleentzako hitzordua: Katixa Agirreren Barne zerbitzuak nobela hizpide. Joxe Mari Urteagak gidatuta, Udal Liburutegian.
- 18:30-20:00. Arimen gaua. Itzalitako kalabazak argitzeko sasoia, herriko ikastetxeen, Artelanen eta Unanue Udal Musika Eskolaren laguntzagaz. Kamiñazpitik Alde Zaharrera.
Azaroak 1, domeka
- 18:00. Ziklopea. Xabat Lertxundiren filma. Ondoren, solasaldia zuzendari eta aktoreekin: Ugaitz Alegria, Ainhoa Etxebarria eta Irene Aranbarri. Kofradia Zaharrean.
Azaroak 5, eguaztena
- 18:00. Augustin Zubikarai Nobela Sariak XXVI. edizioa. Kofradia Zaharrean.
- Ondoren, nanoipuin lehiaketako sari banaketa.
Azaroak 6, barikua
- 18:30. Euskarari puzka, Errigora dokumentalaren proiekzioa. Kofradia Zaharrean.
- 21:00. Euskal Herriko Atlas Geo Poetikoa, Ondarroako Atala, Mixel Etxekoparren eskutik. Kofradia Zaharrean.
Azaroak 7, zapatua
- 14:30. Bertso bazkaria, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendiren eskutik. Antiguako Ama elkarteko lokalean. Sarrerak salgai daude Turismo bulegoan eta Antiguako Aman. Antolatzaileak: Bertsutan eta Txitxin Potxin elkartea.
- 20:30. TU-K taldearen kontzertua, Berdura Plazan.
Azaroak 8, domeka
- 17:30. Txepeldunak antzerkia, Maren Basterretxea eta Uxue Alkortaren eskutik. 5-11 urte bitarteko umeentzako bertso antzerkia. Kofradia Zaharra.
- 19:00. Karteletrak erakusketa, eta bisita gidatua Joseba Sarrionandiaren eskutik, Udal Erakusketa Aretoan.
Azaroak 12, eguena
- 18:30. Ondarruko arrauna bertsotan hitzaldia Xabier Amuriza Zarraonandiaren eskutik. 100 urte uberan taldeak antolatuta, Kofradia Zaharrean.
Azaroak 14, barikua
- 18:30. Tete eta Tabi, gure lagun txikiak ipuin liburuaren aurkezpena. Pilar Arrieta egilea eta Kaiet Bengoetxea ilustratzailearen eskutik. Kofradia Zaharrean.
Azaroak 15, domeka
- 18:30. Axpi ilustratzailea, solasaldia eta proiekzioa, Ainara Azpiazu solaskide den bitartean. Kofradia Zaharrean.
Azaroak 22, domeka
- 18:00. Matxe matxe poema liburuaren aurkezpena, Mikel Etxabururen eskutik. Kofradia Zaharrean.