Sorkuntzaren balioa eta Euskal Herriko sortzaileen lana aldarrikatuko ditu aurten Durangoko Azokak
Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Da! Kulturaren Jaialdiak. Andoni Beristain diseintzaile, argazkilaria eta arte zuzendariak sortu du iruditeria.
Goizean aurkeztu dute 61. Da! Kulturaren Jaialdiaren iruditeria, Landako Gunean.Durangoko Azoka Abenduaren 4tik 8ra izango da 61.DA! Kulturaren Jaialdia. Oraingo honetan, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatuta dator Durangoko Azokaren 61. aldiaren iruditeria, kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen giza-lana irudikatzeko eta aldarrikatzeko. Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du, eta gaur goizean aurkeztu dute Landako Gunean. Horrekin batera, spota ere kaleratu dute.
Gogoratu dutenez, iaz, 60. aldiaren harira, Durangoko Azokak bere izaera laburbiltzen duen izendapena hartu zuen: DA! Kulturaren Jaialdia. Lerroburu horri eutsiko dio aurten; izan ere, arduradunek esan bezala, azoka kulturaren jaialdia da, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak biltzen dituelako, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzen dituelako eta urtez urte euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren sustatzaile izaten jarraitzen duelako.
Beristainek esperientzia pertsonaletatik abiatuta, “gai konplexuei begirada positiboz” heltzen die, eta irudi xumeen bidez gogoeta eragitea gustatzen zaio. Bere lana koloretsua eta minimalista da, “surrealismo-puntu batekin”, eta Durangoko Azokarako bere proposamena bi ideiatatik abiatu du: euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. Horretarako, kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. “Durangoko Azoka denena da, denontzat da, eta bertan daukagu eskuragarri guztia”, adierazi du zumarragarrak.
Objektuekin lan egitea gustuko du, kontzeptuak eta mezuak haien bidez kontatzeko aukera ematen diotelako. Besteren artean, irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea dira bere sormen lanean jaso dituen objektuak. Bere hitzetan, horiek kulturaren arlo desberdinen bilakaera erakusten dute: “Aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da asmoa. Izan ere, teknologia berriak iritsi ahala, tresna horietako asko desagertuko zirela uste izan zen, baina gaur egun ere bizirik diraute, eta batzuek indarrez berreskuratu dute beren lekua”.
Andoni Beristain: “Aspaldiko sorkuntza moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da asmoa”
Iruditeriaren koloreek eta testurek ere badaukate beren funtzioa. Hain zuzen ere, giro “goxoa eta gertukoa” sortu nahi izan du egileak, etxeko moketaren antzeko atzealde baten bidez. Horrela, objektuak eta haien bidez helarazi nahi dituen mezuak “modu hurbil eta bisualean” aurkeztu nahi izan ditu.
Beñat Gaztelurrutia azokaren koordinatzaileak zehaztu du sorkuntzaren aberastasuna ez dagoela soilik eskaintzen diren diziplina eta proposamenen aniztasunean; horien atzean dagoen lanean ere badago: “Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere. Beraz, Durangoko Azokak sortzaileen ekarpena aitortu eta ikusgarri egin nahi du”.
Horrez gain, euskal kulturara gerturatzen ari diren kultur zale berrien interesaz mintzatu da, jakin-min horrek bidea egiten jarraitzearen garrantzia nabarmenduz: “Azken boladan pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, eta horiek euskal kulturara hurbiltzen ari diren kultur zale askoren arreta piztu dute. Nahi genuke piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea”. Ildo horretatik, Euskal kultura bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi duten guztiek 61.DA! Kulturaren Jaialdiaren “ateak zabalik” aurkituko dituzte: “Etorri, sartu barruraino, arakatu, bilatu eta ezagutu zuena den mundu miragarri hau. Durangoko Azokak norbere nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen die herritarrei”.
Ikasleei eskainitako egitarauarekin ekin diote Durangoko Azokari, abenduren 4an. Hainbat tailer egingo dituzte goiz horretan, ume eta gazteak euskal kulturan murgildu daitezen. Gainera, ikastetxeetan bertan lantzeko moduko unitatea ere badago eskura.