Zirkulazio istripu baten ondorioz, oinezko bat hil da Ondarroan
Gaur [urriak 28] 08:26an gertatu da ezbeharra Ondarroan: kamioi batek 86 urteko oinezko bat harrapatu du, eta bertan hil da.
Gaur goizean [urriak 28], 08:26ean, 86 urteko oinezko bat hil da Ondarroan, zirkulazio istripu batean. Ezbeharra udalerriko erdigunean gertatu da, Kantoipe kalean. Kamioi batek harrapatuta berehala hil da oinezkoa, izandako lesioen larritasunagatik, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Hala, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Osakidetza bertaratu dira, eta kamioiak harrapatutako gizonaren heriotza egiaztatu dute.
Ondarroako Udalak ere eman du ezbeharraren berri, eta doluminak eman dizkio hiltako herritarraren familiari eta gertukoei. Horrez gain, errespetuz jokatzeko eta zurrumurruen hedapena saihesteko eskatu du: “Gaur goizean gertatutako ezbeharraren aurrean, Ondarroako Udalak eta, era berean, herriak, hildakoaren familiari eta gertukoei gure doluminik sakonenak adierazten dizkiegu, bai eta gure babesa eta elkartasuna helarazi ere. Horrez gain, geratutakoaren harira zurrumurru gehiagorik ez zabaltzeko eta errespetuagaz jokatzeko eskatzen dugu”.