Euskara erdigunean jarrita, Kulturartekotasun jaia antolatu du Azkue Natura Ikastolak
Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak Euskara eta Kulturartekotasun jaia antolatu dute zapaturako [urriak 31]. Ekimenaren baitan, euskararen eta euskal kulturaren aldeko aldarria zabaltzeko elkarretaratzea egingo dute 13:30ean.
Euskara ardatz hartuta, Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak Euskara eta Kulturartekotasun jaia antolatu du zapaturako [urriak 31]. Duela bi urte inguru Uemako euskara eta kulturartekotasun proiektuan sartu zen Lekeitioko Udala, baita udalerriko zenbait eragile ere; horien artean, Azkue Natura Ikastola. Beraz, bertan hartutako konpromisoei helduz, zenbait ekimen antolatu dituzte herrian, eta horiei erantzutera dator baita zapatuko jaia: “Ikastolako komunitateak hasieratik egin du bat proiektuagaz, eta beti egin dugu kulturartekotasunari buruzko lanketa, betiere, euskara erdigunean jarrita”. Hala, kultura trukaketa hutsetik haratago, euskara erdigunean jarriko duen eta kultura ezberdinek protagonismoa izango duen topagune kolektiboa izatea du helburu zapatuko jaiak.
09:00etan ekingo diote egitarauari, muntaketa lanekin: “Mailaka antolatu gara ikastolan, eta maila bakoitzari herrialde bat esleitu zaio. Beraz, bakoitzak bere postua jarriko du zapatuan, eta ideia da, esleitutako herrialdeko jantzi, apaingarri eta pintxoekin apaintzea mahaia”. Ondoren, Haur Hezkuntzako txikitxoek hartuko dute protagonismoa; aurpegi margoketa, maskarak eta herrialde ezberdinetako jolasak egingo dituzte. Gainera, postu bakoitzak pintxo bat egingo du tokatu zaion herrialdeko janariekin, eta amaieran pintxo ederrenak eta postua politen apainduta daukan taldeak saria irabaziko du. Bien bitartean, maila bakoitza ordezkatzen egongo den herrialdeko musika egongo da jarrita.
Gainera, aldarrientzako tartea ere hartuko du Azkue Natura Ikastolako komunitateak: “13:30ean elkarretaratzea egingo dugu, euskararen aldeko aldarria zabaltzeko. Euskararena, euskal kulturarena eta baita gainerako herrialde guztiena ere. Etengabe azpimarratu nahi dugu zein garrantzitsua den besteen kulturak balioan jartzea, gurea ere jartzea nahi baldin badugu”. Aurretik, baina, 12:30ean, Paraguaiko komunitateko kideak etorriko dira, herrialdea eta beren kulturaren inguruko hitzaldia ematera: “Bertan, herrialdeari buruz hitz egiteaz gain, guaranieran eta euskaran jarriko dute begirada. Amaieran, guaranierazko eta euskarazko hiztegitxo bat banatuko da, hizkuntza batetik bestera itzulpena eginez”.
Euskara eta kulturartekotasunaren baitan egindako ekimenak eta ikastolan egindako lanketak aurrera eramateko orduan bertako komunitateak egindako lana azpimarratu du Azkue Natura Ikastolak: “Gutxi batzuen artean ezer gutxi egin daiteke, baina denen artean denean, emaitzak bestelakoak dira, ezta? Ikastolako komunitateak egindako ahalegina azpimarratu nahiko nuke”. Horrez gain, euskara erdigunean jartzearen beharraz ere jardun dira: “Euskara da batzen gaituena, eta baita kultura ezberdinak batzen dituena ere. Eraiki dezagun euskaltasun plurala, euskaratik eta euskaraz“.