Mozorro beldurgarriak soinean, Arimen Gauean murgilduta ibili dira han eta hemen
Arimen Gaua ospatu dute asteburuan Lea-Artibai eta Mutrikun. Tradizioari eutsiz, ekintza beldurgarri bezain dibertigarriak antolatu dituzte tokian toki.
Mutrikuko Gazte Asanbladako kideak eta Talaixako Mamua. Mutrikuko Gazte Asanblada. Tradizioz betetako asteburua igaro dute Lea-Artibai eta Mutrikun. Izan ere, Euskal Herriko txoko askotan ospatu dute gaur egun hain zabalduta dagoen Arimen Gaua [urriak 31]; eta nola ez, eskualdeko herrietan ere islatu da egunaren zabalpena. Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mutrikun ospatu dute Arimen Gaua edo Gau Beltza, eta euskal tradizio eta ohiturei lekua eginez, beldurrezko mozorroz zein apaingarriez bete dira herrietako kaleak.
Barikuan ospatu zuten Arimen Gaua Amoroto eta Ispaster. Amoroton plaza apaintzeko batu diren 17:00etan eta ondoren, baserriz baserri ibili ziren gozokien eskean; txokolatadagaz eman zioten amaiera egunari. Ispasterren, berriz, frontoia apaindu ondoren, ipuin kontalari musikatuaren txanda izan zen, eta txokolatada egin ondoren, pista jolasa egin zuten.

Zapatuan ospatu zuten Arimen Gaua gainontzeko herriek: Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza- Bolibar. Aulestin, aurpegi margotu zuten, eta ondoren, sua piztu eta beldurrak bertara bota zituzten; Etxebarrian herria apaindu ondoren, desfilea egin zuten, eta dantzarako elkartu ziren guztiak Plaza Barrin; Lekeition kalabaza apainketa eta aurpegi margoketa egin ostean, etxez etxe joan ziren gozokien bila, eta Aulestin bezala, beldurrak sutara bota zituzten; Markina-Xemeinen ere kalabaza tailerra egin zuten Plazabarripean; Munitibarren, ordea, Kriseilu tailerra, eta istorio beldurgarriak entzun ondoren etxez etxe joan ziren Xanduli manduli kantuan; Mutrikun Txalaixako mamua atera zen, eta Axuri Beltza kalejiraren ondoren, mamua erre zuren Goiko Plazan; Ondarroan Kamiñazpiko parkean batu ziren, eta kalejiran joan ziren musika eskolaraino; eta Ziortza-Bolibarren Sormen lantegian batu ziren umeak.