Duela 31.500 urte hildako haitzuloetako lehoi baten aztarnak aurkitu dituzte Ormolan
Burumendi espeleologia taldeko kideek 2023an egin zuten aurkikuntza. Gaur [azaroak 3] aurkeztu dute ofizialki aurkikuntza Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan.
Gaur [azaroak 3] aurkeztu dute aurkikuntza Burumendiko kideek. Burumendi Espeleologia taldea. Mutrikuko Burumendi espeleologia taldekoek Iberiar penintsulan aurkitutako Panthera Spelaea azpiespezieko lehoi baten eskeletoa aurkitu dute Ormola Bide Ondoko Leizean. Hezurdura oso bat aurkitu dute, ziurrenik, 2 eta 3 urte bitarteko haitzuloetako lehoi ar batena. Aurkitutako animalia duela 31.500 urte hildakoa da, eta Eurasiako ekosistemetan bizi izan ziren ia milioi bat urtez. Gaur aurkeztu dute ofizialki aurkikuntza Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan.
2023ko martxoan galeria berria aurkitu zuten Burumendi taldekoek Ormola Bide Ondoko Leizean, eta esplorazioari ekin ziotenean aurkitu zuten haitzuloetako lehoia; anatomikoki partzialki lotuta zegoen, eta zenbait aztarna mugituta zituen. Hala, Burumendikoek Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Euskal Herriko Unibertsitateari eman zien aurkikuntzaren berri, eta Jexux Tapia arkeologoari eta Asier Gomez paleontologoari sarbidea erraztu zieten, “aurkikuntzaren garrantzia eta balio zientifikoa” bertan egiaztatu baitzuten.

Hala ere, 2023ko maiatzean, hezurdura atera aurretik, Euken Alonsok lehoi aztarnen fotogrametria egin zuela azaldu dute taldeko kideek, “aztarnen kokapen espaziala dokumentatzeko”: “Lehoi hezurduraren indusketa eta erauzketa 2023ko abenduaren 2tik 2024ko martxoaren 10era egin ziren, Gomezek zuzenduta. Eskeletoa bi metro bider metro bat baino gehiagoko eremu irregular batean zabalduta zegoen, galeria estu eta aldapatsu batean, non erauzketa lana konplikatua zen. Horregatik, talde lana ezinbestekoa izan zen aztarnak dokumentatu eta ateratzeko”. Azaldu dutenez hezurraren arabera, desberdina da hezurduraren kontserbazioa; hau da, hezur batzuk osorik eta egoera onean daude, eta beste batzuk, aldiz, bloke eroriek hautsita, pitzatuta, zatikatuta eta espeleotemoek partzialki edo erabat estalita daude. “Beraz, fosil batzuk ateratzea nahiko erraza izan zen, ia solte edo gainazalean baitzeuden. Hala ere, beste kasu batzuetan, metodo mekanikoak erabili behar izan ziren”. Zerbikaleko ornoen eta burezurraren kasuan, adibidez, hezurrak sendotu eta babestu egin zituzten atera aurretik. Gainera, hezur batzuen kontserbazio egoera “kaskarra” zela eta hezurdurako pieza batzuen zaharberritze eta kontserbazio lanak egin dira Gordailuko Arkeologia eta Paleontologia zaharberritze tailerrean, “hezurren egonkortasuna bermatzeko”: “Horretarako, kontserbazio irizpide nagusiak jarraitu dira, hala nola esku-hartze minimoa, materialaren errespetua eta itzulgarritasuna”.
Hala ere, espeleologoek azaldu dute, aipatutako tratamendua egin aurretik ikerketa taldearekin baloratu dela elementu bakoitza, ikerketaren eta kontserbazioaren aldetik. “Zaharberritze prozesuan helburu nagusia ez da soilik fosilen kontserbazioa, baizik eta aleen irakurgarritasuna eta irisgarritasun zientifikoa hobetzea“.
Aurkitutako aztarna
Duela 14.000 eta 12.000 urte bitartean desagertutako espeziea da haitzuloetako lehoia, Eurasiako ekosistemetan bizi izandakoa, ia milioi bat urtez. Garai hartan, haitzuloetako lehoiaren gisako animaliek hominido espezie ezberdinekin partekatzen zituzten ekosistemak; hala, gizakien historiaurreko arbasoek haitzuloetako hormetan margotu eta irudikatzen zituzten. Gainerako haragijale talde batzuekin -haitzuloetako hartzak esaterako- edo belarjaleekin -zaldiak, adibidez- alderatuta, haitzuloetako lehoiaren erregistro fosila “eskasa” dela azaldu dute espeleologoek, izan ere, ekosistemaren elika sarearen “goialdean” kokatzen dira harrapari hauek. Gainera, haitzuloetako lehoi izenez ezagutzen badira ere, ez ziren kobazuloetan bizi, baina haien aztarna fosil gehienak ingurune karstikoetan aurkitu dituzte.
Aurkitutako animaliaren letaginen
zabalerari erreparatuz, arra dela iradokitzen dutela zehaztu dute Burumendiko kideek: “Aztertutako fosilen tamaina orokorra aztertuta, ale hau Pleistozeno Berantiarreko Panthera Spelaea azpiespezieari dagokiola iradokitzen da. Hori bat dator erradiokarbono bidezko datazioarekin, animalia hau duela 31.500 urte inguru hil zela adierazten baitu. Gainera, azpiespezie hau Plestozeno Ertaineko formak baino txikiagoa zen. Horrez gain, letaginen zabalerak arra zela iradokitzen du, eta epifisien fusio mailak 2 eta 3 urte arteko heriotza adina kalkulatzea ahalbidetu du, gaur egungo lehoi arrek heldutasun sexuala lortzen duten eta taldetik kanporatzen hasten diren adina. Hala, Ormolan aurkitutako hezurdura Iberiar Penintsulan aurkitutako lehen heldugabeko eskeleto osoa litzateke”.
Aurkitutako lehoiari buruzko ikerketa oraindik ez dela bukatu azaldu dute, eta bildutako datuak Europako haitzuloetako lehoien erregistro fosilarekin alderatuko dituztela. Horrez gain, espeziearen hazkuntza eredua hobeto ulertzeko datuak ere bildu dituzte, eta aurkitutako lehoiaren DNAren laginak ere hartu dituzte analizatzeko, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan.