Ziklope film laburra aurkeztu dute Ondarroan bertoko aktoreen ahotsetik
Literatur Amuak jaialdiaren baitan aurkeztu zuten film laburra domekan [azaroak 1]. Bertan egon ziren Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri eta Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak, eta baita Xabat Lertxundi zuzendari berriatuarra ere.
Ainhoa Etxebarria, Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri eta Xabat Lertxundi, film laburraren aurkezpenean. Ziklope. Xabat Lertxundi zuzendariaren Ziklope film laburra aurkeztu zuten domekan [azaroak 1] Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan. Aktore ondarrutarrak izan ditu bidelagun Lertxundik, eta bizitako esperientzia beren ahotatik kontatzeko aukera izan zuten domekan Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri eta Ainhoa Etxebarriak. Aipatutako aktoreez gain, Itziar Ituño, Karmele Larrinaga eta Ion Sagarzazuk ere parte hartu dute ikus-entzunezkoan.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Kofradia Zaharreko aretoa “bete” egin zen domekan, eta proiekzioaz gain, solaserako aukera ere egon zen. Berriatuan grabatutako filmean Ituño eta Alegria dira film laburreko protagonistak, Carlos eta Cristinaren azalean, eta Aranbarriren estreinaldia izan da honakoa. Gaur [azaroak 3] Eibarko film laburren jaialdian egongo da Ziklope, Koliseo antzokian.
