Juan Mari Agirreurretak eskuratu du Augustin Zubikarai nobela beka
'Leiho bat gehiago' lanagaz irabazi du Agirreurretak Augustin Zubikarai nobela beka.
Juan Mari Agirreurreta.Elkar argitaletxea. Juan Mari Agirreurretaren Leiho bat gehiago lana aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak Augustin Zubikarai nobela bekako irabazletzat. Hogeita zazpi lanen artean Agirreurretak eskuratuko du zortzi mila euroko saria, eta Elkar argitaletxearen eskutik nobela bat argitaratuko du urtebete barru, proiektua amaitutakoan. Bihar [azaroak 5] emango diote saria Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan. Bertan aurkeztuko da baita Ekaitz Herrera iazko irabazlearen Neguberria eleberria.
Joseba da Leiho bat gehiago eleberriko protagonista, eta oraindik gaztea dela gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatzen diote. Hala ere, etsipenean jausi ordez, bere bizitzako azken txanpa modu “sakon, kontziente eta duinean” bizitzeko erabakia hartzen du. Bere ibilbidea nola amaitu ez ezik, bere bi seme txikiengan oroitzapen eta aztarna nola utzi da bere kezka nagusia. Kutsu dramatikoa duen gaia izan arren, epaimahaiak lanaren umorean eta goxotasunean ere jarri du begirada; besteak beste, idazkera dotorea, hausnarketarako aldartea, kultur erreferentzien ugaritasun eta egokitasuna, narratzaile desberdinen arteko ahots kontrastea eta argumentuan proposatutako egitura jolastia ere azpimarratu ditu.
Aretxabaletan bizi baina 1977an Pasai Donibanen sortutakoa da Agirreurreta, Euskal Filologian lizentziatuta, eta Filosofian doktorea, Jean Paul Sartreri buruzko tesiagaz. Lanbidez irakaslea da, eta zenbait idazleren lanak euskaratu ditu; besteak beste, Sartre, Victor Hugo eta Tomas Tranströmer.
Nobela beka, 2010etik
2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen Augustin Zubikarai saria. Izan ere, aurretiaz, bederatzi urtez, nobela laburrentzako lehiaketa izan zen. 2010etik ondorengo idazleek lortu dute beka: Joxean Agirre, Itxaso Araque, Garbiñe Ubeda, Garazi Kamio, Jasone Osoro, Miren Gorrotxategi, Katixa Agirre, Xabier Etxeberria, Eneko Barberena, Idoia Garzes, Lander Garro, Mikel Alvarez, Patxi Zubizarreta, Karmele Mitxelena, Julen Apella eta Ekaitz Herrera.