Aukeren Lurra programaren saria jaso du Basoa + proiektuak
Sarituak, Meñakan egindako ekitaldian.Urremendi Landa Garapen Elkartea Bizkaimendi Bizkaiko Landa Garapen Elkarteen Federazioaren eta Caixabank-en eskutik, CaixaBankeko Aukeren Lurra programaren sariak banatu zituzten herenegun [azaroak 3], Meñakan. Bizkaian sei landa garapen elkarte daude, eta horiek hartzen dituzten eremuetako proiektuak saritu dituzte; beraz, sei proiektu saritu dituzte, eta horien artean dago Markina-Xemeingo Anton Gandiagaren Basoa + proiektua. Garbiketarako, sastrakak kentzeko eta basoen mantentze lanetarako zerbitzu “integral eta malgua” eskaintzen du, eta lan horien segurtasuna eta kalitatea hobetu asmoz, berrikuntza txertatzen du, “azken belaunaldiko makinak erosiz”.
Proiektu ekitzaileentzako zuzeneko laguntzak eta prestakuntza, aholkularitza eta laguntza programak eskaintzen dituzte Aukeren Lurra programan, eta Bizkaimendik eta Caixabank-ek Bizkaiko landa eremuen “garapen integrala bultzatzeko” sinatutako hitzarmenaren barruan banatzen dituzte sari horiek. Aintzatespen horiek emanez, “balioa eman” diote Bizkaiko proiektu ekintzaileen lanari. Hain zuzen ere, horien garrantzia azpimarratu dute; izan ere, bi erakundeen ordezkarien berbetan, enpleguak sortzeaz gain, “kultura ekintzailea eta lurraldean biztanleak finkatzea” bultzatzen dute horrelako proiektuek: “Erakundeok landa-ingurunearekin daukagun konpromiso orokorrari eusten diogu, lurralde osoko erronka demografikoarekin, landa-inguruneetan biztanleria finkatzeko irtenbideak bilatzen laguntzeko eta ekintzaileei proiektu berriak abian jartzen laguntzeko”.
Gainontzeko sariei dagokionez, Errigoitiko Maddi Amezagaren Garile, Dimako Ekain Aurrekoetxearen Eteki, Meñakako Ane Iturbe eta Andoni Sarratearen Lastoetxe, Abadiñoko Patxi Gezuragaren Mariren Lurraldea eta Lanestosako Paula Martinezen Palmo proiektuak aintzatetsi dituzte.