10 urte kaleak aringa-aringa hartzen
Hamar urte bete ditu Ondarroako Aringaingan taldeak, eta urteurrena ospatzeko, lasterketa ez lehiakorra egingo dute azaroaren 15ean. Emakumeek korrika eginez, kalea hartu eta ahalduntzeko helburuagaz sortu zen taldea 2016an, eta ordutik, 100 emakumetik gora igaro dira bertatik. Gaur-gaurkoz, 20 lagun inguruk osatzen dute Aringaingan, eta ateak irekita dituzte herriko gainontzeko emakumeentzat ere.
Aringaingan taldeko kideak, korrika egiteko prest.Aringaingan. Emakumeak kalean korrika ikustea ez da gaur egun ezohiko irudia; hala ere, egoera bestelakoa zen garaia ez dago hain urrun. Ondarroako Aringaingan taldeko emakumeek hamar urte daramatzate bide hori egiten; finean, patriarkatuak ezarritako mugak apurtzen.
2016an sortu zuten Ondarroako Aringaingan taldea, garai hartan Bisit Beiro zen Ondarroako Berdintasun zinegotzia, eta emakumea eta kirola uztartzeko ideiagaz zebilen buruan bueltaka. Helburua argia zen: emakumeek kaleak hartzea, kirolaren bidez espazio publikoa bereganatzea. Beraz, helburua lortzera bidean, Aringaingain proiektua martxan jartzeko proposamena luzatu zion teknikari eta zinegotziak Arantza Burgoari, taldeko dinamizatzaile lanetan aritzeko: «Duela hamar urte, emakumeak ez ziren apenas kalera ateratzen kirola egitera. Kirol jarduera espazio itxietan egiten zuten gehienek, gimnasioetan, esaterako; korrika egin nahi zutenak zintan ibiltzen ziren, askotan lotsagatik edo kalean korrika egitera ausartzen ez zirelako». Burgoak baiezkoa eman, eta 2016ko urrian jarri zuten egitasmoa martxan: «Lehenengo aldian hogei bat emakume elkartu ginen, gehienak Etxelila bueltan zebiltzanak ziren, adineko emakumeak. Korrika egiten hasi nahi zuten, baina bakarrik ez ziren ausartzen, edo ez zekiten nola hasi». Izan ere, helburua ez zen bakarrik emakumeak kalean ikusgarri egitea; kirola egiteko autonomia ere sustatu nahi zuten. «Hamar urteko ibilbidearen ostean, pausoz pauso, ezarritako helburuak betetzen gabiltzala uste dut», zehaztu du Burgoak.
Aringainganeko kideen ahotan, herrian «inpaktua» izan zuen ekimenak. Aipatu bezala, emakumeak kalean korrika ikustea ez zen ohiko irudia, eta «nolabaiteko harridura» sortzen zuen herritarren artean, ondotik pasa eta lepoari buelta emateko haina. «Zer dabiltza hauek?», bezalako komentarioak ere entzun izan zituztela azpimarratu dute.
Harremanak «estutzeko»
Hamar urte hauetan 100 emakumetik gora pasatu dira Aringaingan taldetik. Batzuek hasieratik egin dute bidea; bestea batzuk, berriz, azken urteotan batu dira. Arrazoi ezberdinak bultzatuta batu ziren taldera Ibane Arruti Osa eta Atharratze Arantzamendi Zubikarai. Arantzamendik, esaterako, duela lau urte inguru eman zuen izena: «Aringa-aringa ikusten nituen, eta inbidia apur bat ematen zidan, baina ni ez nintzen gai ikusten horretarako. Ez nuen imajinatzen horrelako zerbait egin nezakeenik», gogoratu du. Etxelilako ikasturteko liburuxka batean taldeari buruzko informazioa ikusi, eta gehiagoren bila joatea erabaki zuen. «Baina Arantzagaz ezinezkoa da informazioa jasotzera bakarrik joatea. Segituan sartu ninduen taldean», dio, barrezka. Informatzera joan eta gutxira hasi zen entrenatzen: «Gimnasiora joaten nintzen noizean behin, baina, oro har, ez nuen kirol askorik egiten. Oso gustura sentitu nintzen hasieratik, eta Markina-Xemeinen egin nuen lehenengo lasterketa». Ines Egigurenek ere urteak daramatza taldean, nahiz eta izandako lesioagatik azken urteetan ez den entrenatzera joaten: «Inbidia handia ematen dit etxetik korrikan ikusten ditudanean, kar-kar-kar. Ni neu bakarrik hasi nintzen korrika egiten, eta Lilatoian ere parte hartu nuen. Ostean, Bisit Beirogaz berba egin, eta Arantzaren zenbakia eman zidan, taldean sartzeko. Askoz errazagoa egin zitzaidan taldean korrika egitea, eta urte nahikotxo ibili nintzen, lesionatu arte». Hala ere, oraindik taldeagaz lotura estua daukala azpimarratu du Burgoak: «Laguntzeko prest dago beti».
Arrutik ere Burgoa izan du bidelagun hasieratik, hark eman baitzion korrika egiteko lehenengo bultzada. «Lehenengo, sekulako txapa sartu nien berari eta ahizpari, animatzeko esanez. Konbentzitu nituen, eta orain, begira!», kontatu du Burgoak. Minutu bat oinez eta beste bat korrika hasi zen Arruti: «Ez nuen pentsatuko lau urte aguantatuko nituenik, ezta lehenengo entrenamendua ere». Arantzamendik ere ezezkoa egin du buruagaz, eta emakumeak kalean korrika ikusteak eman zion indarraz gogoratu da: «Emakumeak korrika ikusten nituen, eta pentsatzen nuen: ‘Nik ere ahal dut, zergatik ez naiz animatuko?’». Gainera, progresioa ikusteak norbere buruagaz hobeto sentitzea ere eragiten duela azaldu du: «Beste indar bat ematen dizu». Arrutik, ordea, bestelako ikuspegia mahaigaineratu du: «Ez nau hainbeste harrapatzen korrika egiteak, baina asko gustatzen zait jendeagaz korrika egitea. Beste modu batera bizitzen dut. Ez zait lehiatzea gustatzen, jendeagaz egotea baizik». Gaur egun, Aringaingara joatea korrika egitea baino gehiago dela zehaztu du: «Beste jende bat ezagutzen duzu, nahiz eta herritarrak izan eta harremanik izan ez. Sozializatzeko beste modu bat da, baita osasuna zaintzekoa ere». Hirurek bat egin dute Arrutiren ideiagaz; izan ere, harreman berriak egin eta «nolabaiteko sare bat» osatu dutela azaldu dute, baita taldearekiko pertenentzia sentimendua garatu ere: «Espero gabeko harremanak sortzen dira, eta korrika goazela, bakoitzak bere gauzak kontatzen ditu. Oso ondo eramaten gara, eta harreman onak egin ditugu».
Azken urteetan taldeko profila aldatu dela azaldu dute laurek: «Hasieran, adin batetik gorako emakumeak etortzen ziren, eta gaur egun, geroz eta gazte gehiago dago taldean. Profil ezberdinak batzen gara, bakoitza bere ideiekin, baina denok egiten dugu bat Aringainganen». Gainera, taldeko ateak zabal-zabalik dituztela azpimarratu dute: «Ondarroako emakumeak animatu nahi ditugu gugaz korrika egitera. Ateak zabalik daude, eta ez dezatela izan inolako zalantzarik, etor daitezela».
Lehenengo urtean, emakume guztiak elkarrekin ateratzen ziren korrika, baina pixkanaka ohartu ziren antolaketa horrek ez zuela guztientzako balio. Izan ere, parte hartzaileen mailak eta erritmoak oso ezberdinak ziren: batzuk aurrerago joaten ziren, besteak atzerago geratzen ziren, eta elkarri oihuka ibiltzen ziren punta batetik bestera. Hori ikusita, korrika egiteko maila ezberdinetako taldeak osatzea erabaki zuten. Hala, denak batera ateratzen ziren kalera, baina bakoitzak bere erritmo eta gaitasunen araberako taldea zeukan. Antolaketa berriak, gainera, bakoitzaren garapena ahalbidetu zuen, eta entrenamenduak ere parte hartzaileen mailaren arabera prestatzen hasi ziren. Gaur egun, A, B eta C taldetan antolatzen dira martitzenetan eta eguenetan, eta talde bakoitzak, gainera, azpitaldeak ere baditu.
Ikasturteko egutegian, gainera, biribil morez margotuta edukitzen dute Lilatoia. Izan ere, taldearen helburuetako bat ere bada bertan parte hartzeko prestatzea: «Azken urteetan podiumera igo gara, talde handienaren saria jasotzeko. Iaz 120 lagun inguru joan ginen. Ez dugu soilik taldeko emakumeok parte hartzen, herritar askok bat egiten dute lasterketagaz, eta oso pozgarria da hori. Ondarrutarrok badaukagu talde izaera hori, eta balioan jartzeko da. Ez da erraza hainbeste emakume batzea norabide berean korrika».
10 urte bidea egiten
Urteurrena «behar bezala» ospatzeko, lasterketa ez lehiakorra antolatu dute azaroaren 15erako, 10 urte, pausoz pauso lelopean. 11:30ean hasiko dute Etxelilatik, eta bi ibilbide egongo dira aukeran: oinez edota korrika egingo dutenena, eta oinez edo gurpildun aulkian egingo dutenena. 2.800 metroko distantzia izango du ibilbideak, eta korrika egin nahi dutenek bi buelta egiteko aukera izango dute. Alde Zaharrean amaituko dira bi ibilbideak. «Jendea animatu nahi dugu lasterketa ez lehiakorrean parte hartzera. Korrika edo oinez ez bada, esku bat botatzeko prest daudenak ere jarri daitezke gugaz harremanetan, izena emateko modu berean»: Etxelilara joanda, etxelila@ondarroa.eus helbidera idatzita, edo 94-613 40 08 telefono zenbakira deituta. «Etor daitezela; goiz pasa polita pasatuko dugu! Guztiok batera ospatuko dugu Aringaingan taldearen 10. urteurrena».