Josu Garate Suinagak irabazi du Ondarroako Nanoipuin lehiaketa
Nanoipuin lehiaketaren eta Augustin Zubikarai nobela bekaren sari banaketa egon zen atzo [eguena] Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Augustin Zubikarai nobela bekako eta Nanoipuin lehiaketako irabazleak.Ondarroako Udala. Ondarrutarrentzat urteroko hitzordua bihurtu den Literatur Amuak jaialdiaren baitan Augustin Zubikarai nobela bekako eta Nanoipuin lehiaketako sariak banatu zituzten atzo [eguena] Ondarroako Kofradia Zaharrean. Josu Garate Suinagak irabazi du Nanoipuin lehiaketako lehenengo saria, Beñat Bidegain Lekuek bigarrena, eta Jon Bedialauneta Sevillak hirugarrena. Bestalde, Augustin Zubikarai nobela bekako saria ere jaso zuen Juan Mari Agirreurretak, eta Ekaitz Herrera iazko irabazleak Neguberria eleberria aurkeztu duen.
Guztira 26 lan aurkeztu dira Nanoipuin lehiaketara, eta Ana Urkizak eta Leire Bilbaok Garate, Bidegain eta Bedialaunetaren lanak aukeratu dituzte. Irabazlearen lanari dagokionez, entzuteko ipuin gisa izendatu dute: “Soinuari erreparatzen diozun bitartean, izena eta izanaren arteko borrokan sartzen zaitu ipuinak, zuk nahi bezala, izanak irabazten duen arte”. Bigarren saridunaren ipuinaren zeharkatzen duen gaia zahartzaroa izan da, eta “modu oso ederrean” kontatuta dagoela zehaztu dute epaimahaikideek: “Zahartzaroaren apeta da ipuinaren gaia. Memoriaren higatzea. Akordua geure egiteko eta moldatzeko daukagun ahalmena. Ahalamena galtzen dugun arte. Modu oso ederrean kontatuta”. Hirugarrenari dagokionez, egunerokotasuneko gertaera bat deskribatu du Bedialaunetak, eta balioan jarri du epaimahaiak: “Gaur egun, kaleetan ikusten eta sentitzen dugunaren estanpa errepikakorra da ipuina. Aurrejuzkuaren ispiluan islatuta geure burua. Lotsa kolektiboa”.
Ondorengoak izan dira nanoipuin irabazleak:
1. Josu Garate Suinaga: Behin bazen zezen bat, behi sena zuena; zezen izena eta behi izana. Zendu zen zezena, eta, behin zenduta, izan zen behi behin zezen zena.
2. Beñat Bidegain Lekue: Amonak egunero kontatzen zuen aitonaren istorio berdina. Egunetik egunera zerbait aldatzen zuen. Gaur aitona nor zen galdetu dit.
3. Jon Bedialauneta Sevilla: Gogor heldu nion poltsari etorkina gerturatzean, baina lotsa aurpegia ezin ezkuratu, oharkabean, erori zitzaidan diru zorroa luzatu zidanean.