Umeen eskubideen inguruko begirada zabaldu eta eragiteko bideak elkarrekin eraikitzeko jardunaldiak
Bizipozaren 10. Jardunaldiak Usurbilen aurkeztu dituzte gaur.Bizipoza Elkartea Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu? lelopean, Bilbon eta Usurbilen egingo dituzte Bizipozaren 10. Jardunaldiak. Azaroaren 21an Usurbilgo Sutegi Aretoan elkartuko dira 09:30etik 13:30era, eta hilaren 28an, berriz, Bilboko La Bolsa eraikinean, ordutegi beragaz. Bi hitzordu horiek hausnarketarako eta elkarlanerako guneak eskainiko dituzte, umeen eskubideen inguruko begirada “zabaldu” eta eragiteko bideak “elkarrekin eraikitzeko”.
Hain zuzen ere, bi topaketetan, haurren eskubideen inguruko kontzeptualizazioa, hausnarketa eta elkarteen esperientziak uztartuko dituzte, eskubideak bermatzeko dauden erronkak identifikatu, eta aurrera egiteko proposamenak partekatzeko. Jardunaldietan parte hartzeko, aurretiaz izena eman behar da, Internet bidez.
Usurbilgo jardunaldian parte hartuko dute Hezkuntza Historian aditu diren Felix Arrietak eta Peio Manterolak, Nagore Garcia de Andoin haur-onkologoak eta Zelai Nikolas legelariak. Bigarren zatian, elkarteen esperientziak eta ikuspegiak ezagutzeko, Ndank Ndank, Pausoka, Hil Argi, Ume Alaia, eta Aspanogi elkarteetako ordezkariek hitza hartuko dute.
Bilboko jardunaldian ere egongo dira Arrieta, Manterola eta Nikolas, eta horiekin batera ariko da Nerea Godoy hezitzailea. Bigarren zatian, berriz, Kale Dor Kayiko, Gure Señeak, Esku Hutsik, Naizen, eta Aspanovas elkarteetako kideek parte hartuko dute.
Gaurko aurkezpenean esan bezala, Bizipozaren 10. Jardunaldien helburua da esperientziak partekatuz eta goera desberdinak aztertuz, haurren eskubideak “errealitate bihurtzeko” tresnak eta proposamenak lantzea. Izan ere, Bizipozak, bere hirugarren helburu estrategikoaren barruan, haurren oinarrizko eskubideen inguruko lanketa abiatu zuen urtarrilean: “Prozesu horren helburua da haur guztien eskubideak bermatzeko dauden hutsuneak identifikatzea eta horiei erantzuteko proposamenak lantzea”.
Bizipozako elkarteek beren eguneroko esperientziatik ezagutzen dituzte umeek eta familiek dituzten zailtasun asko, eta jardunaldien arduradunek nabarmendu dute umeen eskubideak bermatzea “funtsezkoa” dela ume guztiek beren bizitza-planak garatzeko aukera izan dezaten: “Eskubide horiek ez dira legeetan aitortuta egotearekin bakarrik bermatzen; eguneroko bizitzan ere gauzatu behar dira, haur guztiek beren beharrak asetzeko, bizi-proiektuak garatzeko eta gizartean parte hartzeko aukera izan dezaten”. Bizipozakoen hitzetan, hori lortzeko, “ezinbestekoa” da elkarteek, familiek, hezkuntza-komunitateak eta instituzioek elkarlanean jardutea.
Bizipozan dauden elkarteen ordezkari izan da gaurko agerraldian Pausoka elkarteko Amaia Irazusta, eta hark ere bidea elkarrekin egitearen garrantzia azpimarratu du: “Jardunaldietan ikusiko den bezala, elkarte bakoitzak lantzen duen gaia desberdina izanda ere, eskubideak lortzeko zailtasuna berbera da eta eman beharreko pausoak ere berberak dira”.