Amoroton langile bat zendu ostean, segurtasun baldintzak handitzeko eskatu du ELAk
Azaroaren 5ean zendu zen langilea baso garbiketa lanetan zuhaitz batek kolpatu ostean. Sindikatuak salatu duenez, lau basogintzako langile zendu dira aurten, Euskal Herrian.
Baso garbiketa lanak egiten zegoela, zuhaitz batek jota zendu zen langile bat joan den eguenean [azaroak 5], Amoroton. ELA sindikatuak basogintzako langilearen heriotza salatu du, eta gertaera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “enpresen segurtasun baldintzen gaineko kontrol baliabideak eta zigorrak handitu” ditzala.
ELAk urtea hasi denetik Euskal Herrian euren lanpostuetan hil diren beharginen kopurua azpimarratu du: 47. Horietatik lau basogintza sektoreko langileak direla azpimarratu du, eta horregaz batera, basogintzako beharrak dakartzan arriskuen berri eman du: “Zuhaitzen kolpeek eragindako heriotza mota hau da azken urteetan gehien errepikatzen ari denetako bat”.
Sindikatuak, gainera, absentismoari buruzko “diskurtso faltsua” errefusatu du; mezu hori «alde batera uzteko» eskatu dio patronalari. Horregaz lotuta, enpresek laneko arriskuen prebentzioan egiten dituzten inbertsio ekonomikoen «hazkundea bultzatu» dezala. Eusko Jaurlaritzari, gainera, eraginkorrak ez diren lan eta osasuneko propagandekin «apurtzeko» eskaera egin dio: «Handitu ditzala enpresetako segurtasun baldintzen kontrol bitartekoak eta zigorrak».
Amorotoko gertaeraren aurrean, ELAk adierazi du “babesa eta elkartasuna” adierazi nahi diela hildakoen senide eta hurbilekoei. Gertatutakoa «ahalik eta lasterren ikertzeko» eskatu du, “berriro ez gertatzeko neurriak ezarri eta erantzukizunak argitu daitezen”.
Errotik datorren arazoa. Sindikatuak antzeko gertakari bat salatu zuen abuztuaren 5ean: “44 urteko basogintza sektoreko langile bat hil zen Azkoitiko Urrategi auzoan, baso lanetan ari zela enbor bat gainera erorita”.
Abuztuan adierazi eta orain berretsi dutenez, mota horretako heriotzak “ez dira kasu isolatuak”. “Prekaritatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan erritmo jasangaitzak eta segurtasun neurrien gabezia” dira, sindikatuaren esanetan, heriotza hauek ahalbidetzen dituzten zenbait aldagai. “Erraz saihestu” litezkela azaldu dute, besteak beste, «lan-prozedura zehatzak eta segurtasun distantziak ezarri izan balira».
“Ikuskaritza eza eta kontrol falta” onartezinak direla salatu zuten orduan ere. Laneko segurtasuna bermatzeko ardura duten erakundeei ere zuzendu zen sindikatua, eta argi eskatu zuten ezin direla “pasibotasunez” aritu.