"Jarraipen zabala" izan du etxebizitza eskubidearen aldeko grebak Lea-Artibai eta Mutrikun
Goizeko pikete, kotxe karabana zein bide mozketekin eman diote hasiera gaur [azaroak 11] Greba Orokorrari, eta herri bakoitzeko mobilizazio propioekin amaitu dute. Sindikatuen arabera "jarraipen zabala" izan du etxebizitza eskubidearen aldeko grebak.
Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra kalera atera dira gaur [azaroak 11] Hego Euskal Herriko grebalariak, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako greba orokorrean. Sindikatuek jakitera eman dutenez, grebak “jarraipen zabala” izan du Lea-Artibai eta Mutrikun; Izan ere, eskualdeko kooperatiba eta enpresa handienek greba egin dute gaurkoan, baita herriko komertzio gehienek ere.
Piketeekin eguna hasi ondoren, Bilbora zein Eibarrera joan dira grebalariak, eta arratsaldean, herrietan egin dituzte mobilizazioak Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean. Ondarroan, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Mutrikun batu dira “etxebizitza eskubide unibertsala” aldarrikatzeko.
Etxebizitza langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusienetako bat dela azpimarratu dute sindikatuek: “Euskal Herrian argi ikusten dugu hori: prezioek gora egiten dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten. Balantzaren alde batean pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna pilatzen dira. Beste aldean, espekulatzaile eta errentadun gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak pilatzen dituzte”. Gainera, azaldu dute etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundea “arrakala soziekonomikoa zabaltzen” ari dela: “Langileriaren zati batek familia ondaretik geratzen zaienari esker egin diezaioke aurre krisiari, baina beste asko dira aukera hori ez dutenak”. Hala, zehaztu dute, arrakala horretan barrena sartuz dabiltzala faxismoa eta diskurtso erreakzionarioak: “Azken aurrekoa azkenaren aurka jarriz”.
Hala ere, ozen esan dute ez dutela bide hori onartuko: “Etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentadun, higiezin enpresak eta haiek defendatzen dituzten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak”. Beraz, euskal langile klasea “batzearen beharra” azpimarratu dute: langile klasearen interes komunen alde eta espekulatzaileen kontra. Betiere etxebizitzaren arazoaren “alderik gordinena” jasaten duten subjektuen egoera erreferentziatzat hartuta: “Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, etxebizitza izateko eskubidea bermatuta ez dutenez, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar dute; sexu genero disidenteek, etxetik kanporatuak izateko arrisku gehiago dute eta higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen ditu; babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileek; edo higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatuek eta migratuek”.
Espekulatzaileen eta errentadunen negozioetan jarri dute fokua, baita “hauen zerbitzura” dauden erakunde publiko eta alderdi politikoetan ere: “Erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar ditugu. Alde batetik, eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren Gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen tea enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean”.
Beraz, kolektiboki antolatzeko deia egin dute sindikatuek gaurkoan: “Langile klase antolatu eta indartsua behar dugu. Bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak”.
Herriz herri, “borrokan”
Lea-Artibai eta Mutrikun herriz herri antolatu dituzte mobilizazioak arratsaldean; zehazki, Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein eta Mutrikun. Lekeition eta Ondarroan etxe huts zein etxebizitza turistikoetan jarri dute begirada, eta herri bakoitzeko datuak eman dituzte: “Lekeition 5.355 etxetatik %42 ez dira bizitokiak. Horretatik, %25 erabilera ezegonkorrekoak dira, eta %17 daude hutsik. 94 etxebizitza turistiko daude erregistratuta baina askoz gehiago daude erregistratu barik, funtzio berdinagaz”. Ondarroan ere datuak mahaigaineratu dituzte: “2021eko etxebizitzaren zentsua kontuan hartuta guztira 4.266 etxe daude, hortik 276 hutsik, 435 etxek noizbehinkako erabilera daukate, eta beste 66 etxek bestelako erabilera bat. 777 etxebizitza dira bigarren mailakoak, %18”.
Mutrikun sistema kolonial zein matxista ere jarri dute jopuntuan: “Lanaren banaketa sexual eta kolonialak eta pobreziaren feminizazioak eta arrazakeriak are oztopo gehiago jartzen dizkigute etxebizitza eskuratzeko. Borrokan jarraitu behar dugu azken urteetan egin dugun bezala: Atzerritarren Legearen aurkako borrokan, errolda sozialaren aldeko ekimenetan, emakume pentsiodunen errenta baxuek eragindako zailtasunen salaketan eta alokairuen eremuan gertatzen diren diskriminazio arrazisten aurkako lanean”. Bide horretan, etxebizitza alternatibak eskatu, alokairuak hautatzeko irizpide arrazistak salatu, eta etxebizitzaren eta familiaren eredu tradizionalaren arteko lotura mahaigaineratu beharra dagoela azaldu dute: “Egiturazko faktore horiei errotik heldu behar zaie, kolektibo zapalduen eskubideak bermatzeko. Etxebizitza ez da bizitzeko espazio bat soilik, familia erakundearen barruan antolatzen da eta merkatuarekin gurutzatzen da; emakumeak, eta, bereziki, emakume migratuek honen ondorioak pairatzen dituztelarik. Horregatik, etxebizitza duin baten aldeko borroka ezin da etxeko eta zaintza langileen borroketatik bereizita ulertu”.