Euskal musika gaztetxoengana hurbiltzera dator Txiki Rock
Euskal rocka erdigunean jarriko duen kontzertua eskainiko dute bihar [azaroak 13] 19:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Sarrerak eskuragarri daude udaletxeko kutxazainean.
Etxeko txikienak euskal rockera hurbiltzeko asmoagaz, Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkarteak ekimen berezietan bereziena antolatu du biharko [azaroak 13]. 19:0e0tatik aurrera hasiko da “etxeko txikienak Euskal Herriko Rock musikan hasi eta hezi” nahi dituen ordu bete inguruko kontzertua. Gurasoek denboran atzera jauzia emateko aukera izango dute, “gazte zirenean entzuten zituzten kantuak bergogoratu” eta euren umeekin batera kantu eta talde horietaz gozatzeko.
Guraso elkarteak azaldu duenez, musikaz gain, memoriaz ere hitz egingo dute: “Kantuak jo ahala, sortu ziren garaiaren eta zergatiaren testuinguruaz hitz egingo dute”. Gainera, umeen arreta bereganatzeko, pantaila erraldoi batek “bideoklipak eta bideo dibertigarriak” eskainiko ditu.
Adin guztietako musikazaleei eskainitako kontzertua izango denez, bolumena txikienentzako egokituta egongo dela argitu dute. Guraso elkartearen arabera, 5 urtetik gorako umeentzat gomendatutako ikuskizuna izango da.
Sarrerak Markina-Xemeingo Udaletxeko kutxazainean daude salgai 7 euroren truke, eta egunean bertan ere erosteko aukera egongo da. Sarrera erosteko orduan bi sarrera mota egongo dira: kontzertua kantxatik ikusteko edo harmailan eserita gozatzeko. 18:30ean zabalduko dituzte ateak.