Herritarren eskariak erdigunean jarriko dituzte Ziortza-Bolibarren
Auzoetako herritarren bilerak antolatu dituzte biharko [azaroak 13], zapaturako [azaroak 14] eta domekarako [azaroak 15].
Herritarren beharrak eta eskariak zuzenean jasotzeko auzo bilerak antolatu ditu Ziortza-Bolibarko Udalak. Herrigunea irisgarriagoa, seguruagoa eta zaintzarako egokiagoa izateko proposamenak entzuteko eta euren iritzia elkarbanatzeko batu ziren ziortza-bolibartarrak irailean. Oraingoan, udalak auzoetan batzeko deia egin du, eta eskaerak jasotzeaz gain, jorratzen ari den zeinbat gairen berri emateko baliatuko ditu bilerak.
“Martxan dauden lanak, horien kostuen aurreikuspena eta lan horien amaiera datak” izango dituzte hizpide. Gainera, udalak “lan horiek burutzeko jasotako dirulaguntzak” argitaratuko ditu herritarrek kopuruak ezagutu ditzaten. 2027. urtean hasiko dituzten proiektu eta lanen aurreikuspen orokorra mahaigaineratuko dute, eta baita “udaleko mailegu eskaria eta horren egoera” ere. Besteak beste, herriak erabiltzen dituen “energia berriztagarrien ikerketa” egingo dute, eta etorkizunean egin daitezkeen proiektuei buruz ariko dira.
Egutegia, auzoz auzo
- ELIZALDE ETA GOIERRIA: Bihar [azaroak 13] 18:00etan, Udaletxean.
- IRUZUBIETA, ARTA ETA ZABALE: Zapatuan [azaroak 14] 11:00etan, Iruzubietako soziedadean.
- ZEINKE ETA ZIARREGI: Domekan [azaroak 15] 11:00etan, Hirubide elkartean.