Indarkeria matxista kasuak artatzeko telefonoa jarri du martxan Lekeitioko Udalak
94-603 41 14 da herritarrek erabili ahalko duten telefonoa; 09:00etatik 14:00etara egongo da erabilgarri, eta Udal Gizarte Zerbitzuetako profesionalek emango dute zerbitzua.
Lekeitioko Udalak indarkeria matxistari zuzeneko arreta emateko telefonoa jarri du martxan herritarrentzat: 94-603 41 14. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako profesionalak egongo dira telefonoaren atzean, astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara bitartean.
Indarkeria matxista kasuei udaletik bertatik erantzun bat emateko beharra ikusita sortu dute zerbitzua: “Mugimendu Feministagaz hausnarketa bat egin eta gero, indarkeria kasuak Gizarte Zerbitzuetara heltzeko bidea erraztu behar zela ondorioztatu zen, eta horri erantzuteko ditugun baliabideak kontuan hartuta, zuzeneko arreta telefonoa ipintzea erabaki da”.
Erabileraren inguruan bestelako argibideak ere eman dituzte. Telefonoz deitu eta berehalako erantzunik jasotzen ez duenari, ahalik eta arinen bueltatuko diote deia, beranduenez lan egun baten barruan. Izan ere, udalaren zerbitzua ez da larrialdi kasuei aurre egiteko baliabidea –larrialdi egoeran 112 telefonora deitu behar da–. Herritarrenganako “hurbiltasuna hobetzeko baliabidea” izango da, indarkeria jasan duen edo jasaten ari den guztiei “bidea erraztuko” dien zerbitzua: “Udala indarkeria matxistaren kontrako konpromisoan berresten da, eta indarkeriarik gabeko bizitzak nahi ditugunez, bide horretan jarraituko dugu”.