Ispasterko Slowhammer ekitaldiak jakin-mina piztu du
Ispasterko probalekuak bigarrenez hartu du Warhammer 40.000 mahai jokoaren lehiaketa. Lekeitioko Warhammer Elkartekoak "pozik" daude ekitaldiak emandakoagaz.
Gudaroste onenaren saria lortu zuen Una Egiak.Lekeitioko Warhammer Elkartea Hamalau jokalarik parte hartu dute Lekeitioko Warhammer Elkartearen ekimenez Ispasterko probalekuan egin den Warhammer 40.000 mahai jokoan. Aurtengoa ezohiko lehiaketa izan da. Lehiakortasunari erantzun moduan, Ispasterko ekitaldia “Slowhammer” izenpean egin dute, eta jokalariek partidak lasaitasunez eta patxadaz jokatu ahal izan dituzte, “irabazteko goserik gabe”.
Zapatuan 10:00etatik 20:00etara aritu ziren jokalariak, goizean partida bat jokatu zuten eta arratsaldean beste bat. Azken partida domeka goizean jokatu zuten, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Domekako partida amaitu ostean, sari banaketa egin zuten. Bi sari eman zituzten, bata lehiaketan puntu gehien lortu zituenarentzako: irabazlea Xabier Perez bilbotarra izan zen. Bigarren saria gudarostearen diseinu eta margoketa onenari eman zioten. Epaileek errubrika bategaz gudaroste guztiak baloratu ondoren, Unai Egiak lortu zuen saria.

Hamalau jokalari aritu ziren zapatu eta domekan.Lekeitioko Warhammer Elkartea
Ekitaldirako zortzi mahai prestatu zituzten probalekuan, zazpi jokalarien partidak jokatzeko eta beste bat hurbiltzen zen edozeinek mahai jokoa probatu zezan. Hala, jende asko hurbildu zela adierazi dute antolakuntzatik: “Jende asko hurbiltzen da kuxkuxeatzen, harrituta geratzen dira agertoki guztiekin, xehetasun askoko maketa handiekin, miniaturekin eta abarregaz. Askok aipatzen zuten ez zutela mahai jokoa ezagutzen, eta ikusgarria iruditzen zitzaiela adierazi zuten”.