Txartel Berdea Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat, laugarrenez
Geoparkeak Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio beste lau urtez, UNESCOk horrela erabakita. Gainera, kalifikazio aldtuenarekin lortu du Txartel Berdea, aurrekoan bezala.
UNESCO ebaluatzaileak Mutrikun.Geoparkea. Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparke izendapena lortu du laugarrenez, eta beste lau urtez eutsiko dio. Parisen (Frantzia) ospatutako UNESCOren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren 11. bilkuran eman zuen erakundeak erabakiaren berri, eta duela lau urte bezala, oraingoan ere, kalifikazio altuenarekin gainditu du Geoparkeak azterketa, Txartel Berdea lortuz, “ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura turismoan egindako lanagatik eta geoparke sendo eta osasuntsua izateagatik”.
Gainera, Geoparketik azaldu dutenez, adituen ez dute inolako “neurri zuzentzailerik” identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearen hitzetan, berrespen honek “berme bat” ematen dio Geoparkeari: “Hainbeste urte eta gero, geoparke sendo bat bihurtu garela jasotzen du UNESCOko ebaluatzaileen txostenak; bertako agenteen inplikazioa eta gure estrategia errealista bezain asmo handikoa goraipatzen dituzte”. Gainera, Barriusok Euskal Kostaldeko bidelagun guztiak zoriondu ditu: “Zorionak eta eskerrik asko ibilbide luze honetan Geoparkearen ondoan egon diren guztiei, denon artean lortu baitugu ebaluazio hau gainditzea. Guztion lanaren emaitza izan da eta bultzada ematen digu beste hainbat urtetan lanean jarraitzeko”.
Hala, Geoparkea osatzen duten udalek -Mutriku, Deba eta Zumaia- “pozik” hartu dute berria. Izan ere, Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkateak eta Geoparkeko lehendakariak jasotako aitorpenaren garrantzia azpimarratu du: “Laugarren berrespena izateak ez dio garrantzirik kentzen; aitorpen horren atzean lorpen hori ahalbidetu duten pertsona, enpresa eta erakunde askoren lan eskerga dago”.
Maiatzaren 10etik 13ra egon ziren Emmaline Rosado-Gonzalez Mexikoko Mixteca Alta Geoparkeko eta Alexandru Andrasanu Errumaniako Hateg Geoparkeko kideak Euskal Kostaldeko Geoparkearen ebaluazioa egiten, eta azken lau urteetako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzen ibili ziren: Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu, eta Euskal Herriko zenbait eragile eta erakundeetako ordezkariekin ere batu ziren. “Euskal Kostaldeko UNESCO Munduko Geoparkea geoparke sendoa da, gobernantza irmoa, kudeaketa talde ona, geozientifiko bikainak eta finantza egoera egonkorra dituena, eta tokiko, probintziako, eskualdeko eta nazioarteko inplikazio handia duena”, zehaztu zuten Geoparkeari buruzko txostenean.