Antzerkiaz blai! zikloa, hasteko puntuan
Gaur [azaroak 13] eta etzi [azaroak 15], Egaña guneak antzerki bi hartuko ditu: ‘Promesarik txikiena’ eta ‘Desobedienteak 18/98’. Hilaren 28an eta abenduaren 12an, Zabiel Kultur Etxean beste bi emango dituzte: ‘Mamuak ikustera joan zen umea’ eta Akelarre Antzerki Taldearen ikuskizuna.
Mutriku beste behin antzerkizaleen topagune izateko prest dago: Antzerkiaz blai! zikloa gaur bertan [azaroak 13] ipiniko dute abian. Antolatzaileek lau emanaldiz osatutako egitaraua josi dute, azarotik abendura artean. Iazko formatuari eutsita, Zabiel Kultur Etxeak ez ezik, Egaña guneak ere hartuko ditu antzezlanak.
Hain zuzen, asteburu honetako bi saioak azken espazio horretan egingo dituzte. Gaur, Infinitudrama konpainiaren Promesarik txikiena lanarekin ekingo diote zikloari. Obrak fikzioak elkartutako lau lagunen istorioa oholtzaratuko du, elkarri sekula egin gabeko “promesa guztiekin”. Publikoa “hatz txikiz helduta”, aktoreek “lagun izatera jolasteko bidaiari” helduko diote. Ikusleei, halaber, “kanturako, pozerako eta dezepziorako” prestatzeko aurreratu diete, galdera bat aireratuz: “Zein da lagun bati egin diezaiokegun promesarik txikiena?”.
Domekako saioari dagokionez, Zientzia Politikoetan doktoratu berri den eta bere tesia defendatu beharra duen Ainhoa pertsonaiaren azalean ipiniko ditu ikusleak; tesia debobedientzia sozialaren ingurukoa da. Era berean, antzezlanak bete-betean jorratuko du Baltasar Garzon epaileak abiatutako 18/98 sumarioaren “makroprozesu judizial polemikoan”.
Gaurko saioa 19:00etan hasiko dute, eta domekakoa, aldiz, 18:00etan. Bietarako sarreren prezioa 10 eurokoa da, eta turismo bulegoan zein Mutrikuko Udalaren webean eskuragarri daude.
Hurrengo hitzorduak.
Azaroaren 20koa umeen plaza izango da: Andoni Egañak eta Iker Lertxundik zuzendutako Mamuak ezagutzera joan zen umea emango dute, 18:00etan, Zabielen; sarrera 4 eurokoa da. Egitaraua Akelarre Antzerki Taldearen emanaldiak biribilduko du, abenduaren 12an, 18:00etan; saio horretarako sarrerak “gonbidapen bidezkoak” dira.