Elkartzeko, gozatzeko eta aldarrikatzeko
Lea Ibarrako Lagunkoia taldeak I. Nagusien Eguna antolatu du zapaturako. Munitibar, Gizaburuaga, Aulesti, Mendexa eta Amorotoko herritar nagusien topagune izatea du helburu jaiak, elkartzeaz gain, "nolabaiteko sarea" sortzeko. Nagusien beharrak eta aldarrikapenak ere plazaratuko dituzte hitzordua baliatuta. Munitibarrera joateko gonbidapena luzatu diete bost herrietako 60 urtetik gorako herritarrei.
Lea Ibarra Lagunkoia taldeko kideak, Gizaburuagan. Aldarrikatzaile gisa definitzen dute Lea Ibarrako Lagunkoia taldea bertako kideek. Izan ere, lagunkoia modu askotara izan daitekela diote, baina argi daukate beren helburua herri txikietan adineko herritarrak “duin” bizitzeko aldarria lau haizetara zabaltzea dela, baita horretarako bidea egitea ere. Horretarako, zenbait borroka aktibatu eta hamaika ekimen antolatu dituzte 2017ko sorreratik, eta oraingoan, Lea Ibarreko lehenengo Nagusien Egunagaz datoz. Zapatuan bost herrietako 60 urtetik gorako herritarrek hitzordu berezia edukiko dute Munitibarren, eta adineko pertsonen beharrak eta kezkak mahaigainean jartzeaz gain, gozatzeko tartea ere izango dute.
Bost herriak bide berean jarri zituzten 1983an Lea Ibarrako Mankomunazgoa sortu zenean, eta 2017an, Lagunkoia taldeak ere norabide berean jarraitzeko hautua egin zuen, herrietako elkarlanari eutsiz. Hala, herri bakoitzeko behar, hutsune eta kezkak identifikatzeaz gain, bailara osoko diagnostikoa ere sortu zuten: “Elkarrekin egin nahi genuen bidea. Beraz, proiektua onartu ostean, Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen laguntzagaz jarri genuen martxan. Helburua ez zen soilik adinekoen inguruko ekimenak antolatzea, baizik eta gure eguneroko bizitza nolakoa den ezagutu eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea”.
Oztopoak identifikatuz
Lehenengo urratsa diagnostiko sakona egitea izan zen. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza eduki zuten, eta 60 urtetik gorako herritarren errealitatea, beharrak eta kezkak aztertu zituzten, hainbat arlotan. Herri bakoitzaren egoera aztertzeaz gain, bailarako ikuspegia ere landu zuten. Beraz, prozesuak bi mailatako lana ekarri zuen: herri bakoitzeko diagnostikoa eta ekintza plana, batetik, eta eskualde osokoa, bestetik. Izan ere, herri bakoitzak bere berezitasunak bazituen ere, baziren guztiei eragiten zieten arazo komunak ere.
2017an osatutako diagnostikoan agerian geratu ziren, besteak beste, mediku zerbitzuaren edota garraioaren gabeziak. Baziren mediku gabe gelditzen ziren denbora-tarteak, eta baita kontsultak euskaraz izateko zailtasunak ere. Horrez gain, garraioarena ere “arazo larria” zen bailarako herritarrentzat, zerbitzuak “gabezia handiak” baitzituen. “Behin diagnostikoa osatuta, ekintza plana diseinatu genuen. Hau da, diagnostikoan ateratako problematikei erantzuteko plangintza”. Ekintza plan horren baitan “zenbait hobekuntza” lortu zituzten: “Auzo taxia jartzea lortu genuen, baserrietako bidegurutzeetan izenak jarri, GPS sistemek baserri bideetatik ez bideratzeko aldaketak egin, pasealekuetan atseden hartzeko aulkiak ipini, autobus geltokiak irisgarriagoak egin eta markesinak jartzea ere lortu genuen, beste zenbait gauzen artean. Neurri txikiak diruditen arren, adinekoen, eta orokorrean herritarren, egunerokoan hobekuntzak dakarrenak dira, autonomian eta mugikortasunean eragin zuzena daukatenak”.
Erronka berriei helduta
Zortzi urte igaro dira lehen diagnostikoa egin zutenetik, eta aurten diagnostiko berri bat egiteko beharra sumatu dute. “Uda aurretik galdetegi bat sortu genuen, 60 urtetik gorako herritarren behar eta kezkak ezagutzeko, herrietan zein bailaran. Guztira 112 galdetegi jaso ditugu, beraz, oso modu positiboan baloratzen dugu parte hartzea”.
Bost herrietako behar komunei dagokienez, lehen diagnostikoan agertutako hainbat kezka eta hutsune oraindik mahaigainean daudela ikusi dute: mediku zerbitzua bermatzea, arreta euskaraz jasotzeko aukera izatea eta garraio publikoaren maiztasuna hobetzea, besteak beste.
Taldekideek gogora ekarri dute behin Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako bilera. Bertan, garraio publikoaren inguruko eskaerak helarazi zizkieten arduradunei: “Hiriguneetako herritarrek eskailera mekanikoak eskatzen zituzten bitartean, guk herri batetik bestera mugitzeko autobus zerbitzua hobetzea eskatzen genuen. Ezin daitezke alderatu herri txikietako beharrak hiri handietakoekin. Herri txikiek herri handien aukera berdinak izatea da guk eskatzen duguna. Erakusleiho gisa nahi gaituzte, gure berdeguneak eta toki guztietan erakutsiz, baina gero ez daude prest herri txikiak bizirik mantentze horretan beharrezkoak diren hutsuneei erantzuteko”. Orain arte egin bezala, herri txikiak bizirik mantendu eta bertan duin bizitzeko lanean jarraituko dutela argi daukate Lagunkoiako kideek: “Guk ez badugu egiten, inork ez du egingo guregatik”.
Tokiko problematikei erantzuteaz gain, Euskal Herri mailakoak ere hartzen ditu beregain taldeak: “Pentsiodunen Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak biltzen ere ibili ginen. Ez ditugu soilik hemengo poblematikak lantzen, baita Euskal Herri mailakoak ere. Guretzat hori ere garrantzitsua da, eta talde aldarrikatzailea garen heinean, bide horretatik ere jarraituko dugu: Euskal Herri mailako problematikak gurera ekarri eta hemendik ekiten”.
Diagnostiko berriaren emaitzekin hurrengo ekintza plana osatzea izango da orain taldearen erronka. Bailara mailako emaitzak esku artean dituzte dagoeneko, eta herriz herriko datuak aztertzen ari dira. Horien bidez, herri bakoitzaren egoera zein den zehaztu eta behar horiei erantzungo dieten ekintzak proposatu nahi dituzte.
“Beharrezko” topagunea
Bide horretan, zapatukoa “beste urrats bat” izango da. Lea Ibarrako Lagunkoia taldeak lehenengo aldiz antolatu du Nagusien Eguna, bost herrietako adinekoak elkartzeko eta eskualde mailako harremanak sendotzeko asmoari jarraituz. “Lea Ibarran hainbat ekimen eta ospakizun antolatzen dira, baina nagusiei begira hutsune bat ikusi genuen. Beraz, beharrezkoa iruditu zaigu Nagusien Eguna ospatzea”. Lehenengoa Munitibarren egingo dute, Lea ibaiaren ibilbideari jarraituz: «Egunak harrera ona izanez gero, Lea ibaia jarraituko dugu datozen urteetan: hurrengoa Aulestin izango litzateke».
Taldeko kideek argi utzi dute jai giroak ez duela aldarrikapena baztertuko. Beraz, eguna bi alderdi horiek uztartzeko aukera izango da: aisialdia eta aldarrikapena. Hala, 12:30ean emango diote hasiera herriko plazan, doazenei ongietorria eginez. Ondoren, taldeak eskuartean dituen proiektuak azalduko dituzte, eta gero, bertso saioa egongo da Miren Amuriza eta Aissa Intxaustiren eskutik. 14:30ean bazkaltzeko batuko dira guztiak, eta bazkalostean kantu kantari ibiliko dira Noka taldeagaz, baita karta jokoan ere.
Gogotsu bezain urduri daude taldekideak lehen aldi honetarako: “Urduritasuna badaukagu, baina gogotsu gaude, eta espero dugu jendea ere horrela egotea. Elkartzeko, gozatzeko eta aldarrikatzeko eguna izango da, herri txikiak bizirik mantentzeko beste pauso bat”.