Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Indarkeriaren Prebentziorako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo dute
Ondarroako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du eguenerako [azaroak 19], 19:00etan, Alamedan.
Elkarretaratzea egin zuten atzo. Ondarroako Mugimendu Feminista. Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Indarkeriaren Prebentziorako Nazioarteko Egunaren harira, elkarretaratzea deitu du Ondarroako Mugimendu Feministak. Hitzordua egunean bertan jarri dute [eguenean], 19:00etan, Alamedan.
Ondarroako Mugimendu Feministako kideak “nahikoa dela” esateko aterako dira kalera: “Ez dugu gehiago onartuko ume eta nerabeen kontrako indarkeria sexuala ikusezina bihurtzerik eta isilarazterik, ezta ere patriarkatuaren inpunitaterik”. Izan ere, salbuespena izatetik haratago, sistema zisheteropatriarkal kapitalistak elikatzen duen botere harremanen ondorio zuzena dela argi daukate: “Indarkeria mota hau ez da gorputzen kontrako eraso bat bakarrik, bizitzaren, konfiantzaren eta duintasunaren kontrako atentatu bat da. Eta honen erantzulea jendarte osoa da, ez erasotzaileak bakarrik”.
Patriarkatuak ume eta nerabeen gorputzak kontrolatzeko, isilarazteko eta desjabetzeko “mekanismoak” sortzen dituela diote: “Horren adibide argiak dira isiltasunaren kultura, lotsan oinarritutako diskurtsoak eta eremu pribatuko kontuak direnaren diskurtsoak. Gainera, sistema judiziala, bigarren mailako erasotzaile bihurtzen da gehienetan, umeen testigantzak zalantzan jarriz, denbora luzeko prozesuetan gatibu utziz eta errudunei babes juridikoa eskainiz”.
Beraz, Ondarroako Mugimendu Feministaren mezua argia da: “Haur eta nerabeen kontrako sexu erasorik ez! Azaroaren 19an Alamedara joateko deia egin nahi diegu herritarrei, denon artean nahikoa dela ozen esateko”.