Kultura eta ofizioa uztartuz, herri baten izaera islatu du Nexgraff artistak Kamiñazpiko horman
Ondarroaren 700. urteurrenaren harira horma irudi berria egin dute Kamiñazpiko aire libreko museoan. Oraingoan, Nextor Otaño 'Nexgraff' artista izan da seigarrenaren egilea.
Nexgraff artistak egin du 700. urteurreneko horma irudia. Ondarroako Udala. Ondarroaren 700. urteurrenaren harira, herriaren izaera islatzen duen horma irudia egin du Nexgraff [Nextor Otaño] artista pasaitarrak; horrela, Kamiñazpiko aire libreko museoko seigarren lana ondu du. Kultura eta ofizioa uztartuz, Ondarroaren nortasuna irudikatu nahi izan du Otañok duela astebete amaitutako lanean: “Bi argazki oinarri hartuta egin dut horma irudia. Batetik, itsasontzia dago, protagonista nagusi gisa, eta bestetik, aurreskua dantzan ari diren dantzariak. Bi argazkiak dira Ondarroakoak, eta gainera, itsasontziak berak ere herriaren izena dauka. Horrela, arrantzaren bidez ofizioa islatu nahi izan dut, eta dantzaren bidez kultura. Ondarroako nortasuna ez ezik Euskal Herrikoa ere adierazi nahi izan dut, eta bi irudiekin tentsioa eta kontrastea bilatu dut”.
Ondarroako Udaletik jaso zuen proposamena artistak, eta erronka “pozik” hartu zuela adierazi du: “Hasieratik jarraitu dut Kamiñazpiko aire libreko museoaren proiektua; beraz, baneukan honen berri. Pozik hartu nuen proposamena, eta teknikariagaz batu nintzenean azaldu zidan 700. urteurrenari lotutako lana izan behar zela”. Artxiboko argazkietatik tiraka aukeratu zituen artistak horma irudiko biak: “Nirera eraman dut horma irudia, izan ere, horrelako lanak ariketa bezala hartzen ditut, eta konposizioak sortzea gustatzen zait. Itsasontziari dagokionez, perspektiba eta koloreekin jolastu dut. Nire jolasa hor dago: koloreak, konposizioa, testura…”.
Hamabi egun izan ditu Otañok lana egiteko, eta gustura gelditu da egindakoagaz: “Niretzako ohore bat da horrelako lan bat egiterako orduan nirekin kontatzea. Oso eskertuta nago, eta gustura gelditu naiz emaitzagaz. Izan ere, horrelako lan bat egitean ni ere parte sentitzen naiz eta euskal kulturarentzako zerbait egiten dudala sentitzen dut. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Ondarroako herriari herrian nire lan bat izateko aukera ematearren”.