Gaztetxetik pasatako belaunaldi ezberdinak batuko ditu Mutrikuko Gaztetxearen 25.urteurrenak
Zapatuan Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrena ospatuko dute '25 urte, ezto mugaik!' lelopean. Egun guztiko jaialdia antolatu dute gazte asanbladatik.
Belaunaldi ezberdinak batuko ditu jaialdiak. Kalaputxi 25 urte, ezto mugaik! lelopean ospatuko du Mutrikuko Gaztetxeak zapatuan [azaroak 21] 25. urteurrena. Hilabete luzeetan prestaketa lanetan ibili ondoren, hiru egun besterik ez zaizkie gelditzen asanbladako kideei urteurren jaialdirako, eta azaldu dutenez, urduri bezain gogotsu daude: “Otsailean jarri genuen data, eta bat-batean ate joka daukagu urteurrena. Urduritasuna agerikoa den arren, gogoa handiago da”. Urteurrenaren helburua, gainera, 25 urtean asanbladako parte izan diren herritarrak batzea da: “Egunero ez dira ospatzen 25 urte; izan ere, honaino heltzeko lan handia egin da urte guzti hauetan gaztetxetik igaro diren gazte asanbladetatik. Beraz, zapatuan belaunaldi ezberdinetako kideei aitortza, eskertza eta omenaldia ere egin nahi diegu, hainbeste urtez gaztetxea bizirik mantentzearren. Indarrak ere hartu nahi ditugu, gaztetxea bizirik mantentzen jarraitzeko”.
Hala, txupinazoarekin emango diote hasiera egunari 13:00etan, eta jarraian, trikipoteoari ekingo diote. “Txupinazoan ere aipamena egingo diegu gaztetxetik pasa diren kide guztiei, eta bertso artean hasiko dugu egitaraua. Herritarrei bertaratzeko deia egin nahi diegu, egunari modu kolektiboan hasiera emateko”. Ondoren, bazkaritan batuko dira, 15:00etan, Egaña gunean: “100 lagun inguru batuko gara, hemen ere belaunaldi ezberdinetakoak. Izan ere, urteurrenaren aurrelanketan ere helburu nagusia belaunaldi ezberdinen arteko harremanak egitea ere bazen, eta lortu dugula uste dugu”. Azpimarratu dute zapatuko eguna ez dela soilik berezia izango gazte asanbladako kideentzat, “herritar askok egin dute bere”.
19:00etan egingo du eztanda jaiak. Mutrikuko Gazte Asanbladatik “apustu berezia” egin dute kontzertuei dagokionez: “Kartelak berak erakusten du nolako apustua egin dugun kontzertuekin. Gaztetxe batek herriari eskaintza on bat egiteko gaitasuna daukala ere erakutsi nahi izan dugu. Herrian bolo-bolo dabilen ekimena da, eta guretzako pozgarria da guk antolatutako jai batek horrelako erantzun beroa izatea. Guk eskaini eta herriak eskertu”. Chala Rasta, Xiberoots, Tapia ta Leturia band, Kumbialari eta DJ Farrukitas igoko dira oholtzara. Kontzertuetako sarrerak saltzeko ere hainbat modu aurkitu dituzte asanbladako kideek: “Formatu fisikoan erosteko aukera jarri dugu Mutrikuko Loretxu, Zubiaram eta Txirlatxo tabernetan, eta baita Ondarroako Anaitasunan ere. Horrez gain, Entradium plataformatik erosteko aukera ere badago. Barikura arte egongo dira sarrerak, eta ez badira denak gastatzen, egunean bertan ere egongo da aukera erosteko”.
Gazte Asanbladatik jaialdira bertaratzeko deia egin diete herritarrei, baita azken hilabeteetan urteurrenaren harira atera dituzten kamiseta eta jertseak ere soinean eramatekoa: “Animatu zapatuan gaztetxearen urteurren jaialdira. Mutrikukoa izan arren, Lea-Artibaiko gainerako herrietara ere zabaldu nahi dugu deialdia”.
EGITARAUA
- 13:00. Txupinazoa eta trikipoteoa.
- 15:00. Bazkaria.
- 17:00. Elektrotxaranga.
- 18:30. Ate irekiera, Egaña gunean.
- 19:00. Kontzertuak: Chala Rasta, Xiberoots, Tapia ta Leturia band, Kumbialari eta DJ Farrukitas.