Yaalah Elkarteak eskola materiala biltzeko kanpaina jarri du martxan
Herritarrek azaroaren 23ra arte izango dute eskola materiala uzteko aukera, herriko ikastetxeetan zein Kurike eta Idiakez dendetan.
Yaalah Elkarteko kideak eskola materiala biltzen. Yaalah Elkartea. Beste urte betez, Ondarroako Yaalah Elkarteak eskola materiala biltzeko kanpaina jarri du martxan. Izan ere, Bir Ganduz proiektuari jarraipena emanez, abenduan zenbait herritarrek kanpamenduetara bidaiatuko dute, eta elkartasun ekimena aprobetxatuz, elkarteak kanpamenduko ikastetxeekin daukan lankidetza indartzeko, eskola materiala eramango dute bertara. Horretarako, azaroaren 23ra [astelehena] arte edukiko dute herritarrek eskola materiala herriko ikastetxeetan eta Idiakez eta Kurike dendetan uzteko aukera.
Saharar herriarekiko loturak sendotu, elkartasuna adierazi eta behar handiena dutenei laguntzeko sortu zuten Bir Ganduz proiektua 2018an Yaalah Elkarteak eta Ondarroako Udalak. Aipatutako helburuak lortzeko zenbat egitasmo jarri ditu martxan elkarteak proiektuaren sorreratik; besteak beste, emakumeen ahalduntzea eta garapen pertsonala sustatzeko etxea, familia zaurgarrienei ur deposituak banatzeko ekimena eta Saharako ikastetxeekin lankidetza. Hala, azken urteetan herriko ikastetxeek ere bat egin dute proiektuagaz, eta kontzientziazio kanpainak martxan jarriz, ikasle sahararren eta ondarrutarren arteko zubiak eraiki ez ezik, dirua biltzeko ekimenak ere abiarazi dituzte. Bide horretatik antolatu dute aurten ere eskola materiala biltzeko kanpaina: “Bertan gauzatuko ditugun ekimenez gain, hemendik ahalik eta material gehien eramatea da gure asmoa, bereziki Bir Ganduzen dauden ikastetxe eta haurtzaindegietarako eskola materiala”.
Beraz, Yaalah Elkartetik arkatz, margo, zorrozkailu, koardeno, boligrafo edo bestelako eskola materiala ikastetxe eta dendetan uzteko deia egin die herritarrei, bakoitzak bere alea jarrita, Ondarroatik kanpamenduetara arteko elkartasun olatua “geroz eta sendoagoa” izan dadin.