"Nork bere lekutik eta elkarrekin", faxismoari feminismoz erantzungo diote
‘Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa’ lelopean kaleak hartzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean ere aldarriz beteko dituzte herrietako kaleak.
Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa lelopean beteko ditu kaleak Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna aldarriz betezeko helburuagaz, hiriburu eta herrietako kaleak beteko dituzte eguaztenean.
Martitzenean egin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioen eta aurtengo irakurketaren berri emateko prentsaurreko nazionala. Iruñeko Gaztelu plazako agerraldi horretan, Elene Lopetegi eta Amaia Zubieta mugimendu feministako kideek Azaroaren 25ean Euskal Herri osoko herri eta hiriburuetan “kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasi ozenez betetzeko” deia egin zuten.
Zehaztu zutenez, 19:00etan hasiko dira mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon Kale Nagusiko 85. zenbakitik abiatuko dira; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, San Anton plazatik; eta Iruñean, Antoniutti plazatik. Baionan, aldiz, 18:30ean abiatuko dute martxa feminista.
Mezu erreakzionarioak lau haizetara zabaltzen ari diren garai honetan, argi ikusten ditu mugimendu feministak pertsona zaurgarrienek jasaten dituzten indarkeria egoerak: “Ez dira garai errezak”. Indarkeria eta zapalkuntzak betikotzen dituen “sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista” gaitzetsi dute, izan ere, sistema horren baitan “emakumeak, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak” zapalduenak direla uste dute. Baieztapen hori gero eta modu ageriagoan materializatzen ari dela ohartarazi dute feministek: “Faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez”.
Antiarrazismotik borrokan
Feministek azaldu dutenez, ez dute feminismoaren “instrumentalizazioa” onartuko “gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko”: “Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko”. Horren kontrako jarrera erakutsi eta “justizia feminista eraikitzen” jarraituko dutela argitu dute.
Azken urtean Euskal Herrian erail dituzten bost emakumeak gogora ekarri zitzuten berbaldian. “Indarrez eta goxotasunez betetako besarkada bana” bidali diete euretako bakoitzaren senide eta lagunei: “Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu”. Memoria kolektiboaren garrantzia azpimarratu zuten, “oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako tresna” baita. Euregaz batera, “munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume eta sexu-genero disidente” guztiak gogoratu dituzte. Palestinan eta bertan borrokan dirautenengan jarri dute begirada: “Genozidioarekin amaitu!”.
Horregatik, Azaroaren 25ean etxean ez geratzeko eta antolatzeko deia zabaldu dute: “Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukapenaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, eta gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean”.
Orain arte egin bezala, instituzioei ere dagozkien ardurak hartzeko eskatu diete. “Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka” antolatuko direla azpimarratu dute. “Anaidia sostengatzen ari diren gizonen eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka” lanean jarraituko dute helburu garbi bategaz: “Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde”.
Jardun sozialista
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak “gero eta bortitzagoa” den indarkeria matxistaz ohartarazi du. Egoera horren aurrean, eskuina eta ultraeskuinaren erantzukizuna seinalatzeko beharra ikusi du antolakundeak, “emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak” normalizatzen eta “erasotzaileen inpunitatea” indartzen dutelako. Emakumeak “lehen lerroan” jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, euren jarduna beharrezkoa baita “matxismoaren eta faxismoaren aurka” borrokatzeko.
Bide berean, Itaiak agintean dauden “ezkerreko alderdien jarduna” izan du hizpide: “Indarkeria matxista ez dute lehentasunezko auzitzat hartu, eta instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu dute erantzuna, gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe”. Hala, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatuko da antolakundea.
Beste urrats bat
Emakundek, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek indarkeria matxistaren aurrean “indarkeria matxistaren aurrean pertsona bakoitzak hartzen duen tokiari buruz hausnartzeko” deia egin dute. Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du lelopean abiatu dute aurtengo kanpaina, eta herritarrak animatu nahi dituzte “edozein indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean jarrera proaktibo bat izatera”.
Aurten, “beste urrats bat” eman nahi dute indarkeria matxista jasaten duten emakumeek komunitate bat eratu ahal dezaten. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute, izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “ia 5.000 emakumek” salatu dute aurten indarkeria matxistaren kasuren bat. Horren aurrean, “jarrera aktiboa” sustatzen jarraitu nahi dute indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko: “Pentsa dezakegu, indarkeria matxista bezalako egiturazko arazo baten aurrean, gure jarrerak ez duela eraginik. Baina, egia esan, indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezakeela” azpimarratu zuen Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak kanpainaren aurkezpenean.
Esther Apraiz EUDELeko presidenteak herritarren inplikazioa eskatzeko hartu zuen hitza: “Udalerri eta komunitate osoak mobilizatzea, laguntzea eta indarkeria matxistari aurre egiten behar diogu. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea garrantzitsua da, baina ez normalizatzea eta isilik ez egotea ezinbestekoa da. Inplikazioak irtenbidearen parte egiten gaitu”.
Aldarriak geurean zabalduz
Hiriburuetan egingo duten bezala, “faxismoari feminismoz erantzungo” diote Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko herritarrek. Herriz herri, hainbat mobilizazio deitu dituzte eskualdeotako herri eragile feministek.
Lea-Artibairi dagokionez, Markina-Xemeinen egitarau zabala antolatu du Morelarre talde feministak datozen egunetarako. Zapatuan Gure jardune feminismotik aztertzen berbaldia antolatu dute gaztetxeko erabiltzaileentzat. Azaroaren 25ean, 20:00etan Arkupeetan batzeko deia egin dute mobilizazio zaratatsua egiteko. Ekintzekin jarraituko du talde feministak, izan ere, azaroaren 28an Drag tailerra izango dute House of Basqueers kultur elkartearen eskutik. Karro poteoan batuko dira ostean, eta gaua drag show bategaz girotuko dute.
Lekeition ikastetxeetako gazteekin egingo dute lanketa goizean, izan ere, Azaroaren 25a mahaigaineratu eta Pleno Txikia egingo dute. Arratsalderako Lekittoko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du, hala, Eskolapean batuko dira herritarrak. Azaroaren 26an, aldarriz eta kritikaz betetako Matxismoai su eta kar kar bakarrizketa eskainiko du Ane Lindanek.
Ondarroan ere, Mugimendu Feministaren deiari erantzun eta “autodefentsa feminista aldarrikatzeko” hartuko dituzte kaleak. 19:00etan batu eta Zaldupeko zubia izango dute mobilizazioaren abiapuntu. Itaiak ere Ondarroa izango du aldarrietarako topagune; 19:30ean, Zubi Zaharretik hasiko den mobilizaziora batzeko deia egin die herritarrei.
Aulestin bihar hasiko dute Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari buruzko lanketa. Matxismoak eraildako emakumeak gogoratuko dituzte arratsaldean, eta ostean, Ur Handitan saioko Maskulinitatea: RESET kapitulua ikusiko dute aretoan. Arazoaren 25ean, Aulestiko Mugimendu Feministak eta Aulestiko Berdintasun Batzordeak 19:30ean plaza betetzeko deia egin diete herritarrei.
Munitibarren Emakumeen aurkako errepresioa Gerra Zibilean eta frankismoan hitzaldia izango dute gaur. Habixi elkarguneak antolatu du berbaldia, eta Maria Laespada markina-xemeindarraren bitartez izango dute “Gerra Zibilean eta frankismoan emakumeek jasandako errepresioaz, isilarazitako bizipenez eta memoria historikoaren garrantziaz hausnartzeko” aukera. Azaroaren 22ean, Munttuarko Emakumik taldeak deituta, Azaroaren 25ean 20:00etan autobus geltokian batuko dira “indarkeria gabeko mundu baten” alde.
EGITARAUA
AMOROTO
Azaroak 25, eguaztea.
- 14:30. Herri apainketa, Amorotoko plazan.
- 15:45. Plazan elkartuko dira herritarrak.
- 15:50. Eskolako ume guztiek elkarrekin dantzatuko dute Marimoren dantza.
Azaroak 27, barikua.
- 19:00. Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga dokumentala proiektatuko dute Amorotoko kultur etxean.
- Ondoren. Tertulia egongo da protagonistekin.
AULESTI
Bihar, zapatua.
- 18:00. Matxismoak eraildako emakumeak gogoratzeko apainketa, arkupean.
- 19:00. Ur handitan saioaren Maskulinitatea; RESET dokumentala, aretoan.
Azaroak 25, eguaztena.
- 19:30. Elkarretaratzea, plazan.
BERRIATUA
Azaroak 25, eguaztena.
- 18:30. Elkarretaratzea, plazan. Berritxuko foro feministak antolatuta.
- Ondoren. Hausnarketa kolektiboa, Begirada feminista erasoen aurrean: zaintza eta antipunitibismoa gure ardatzak. Gero montxorra egongo da. Berritxuko foro feministak antolatuta
Azaroak 29, domeka.
- 17:00. Antzerki foroa 10 urtetik 16 urteko gazteei zuzenduta, kultur etxe berrian.
ETXEBARRIA
Azaroak 25, eguaztena.
- 17:30. Elizpeko eskaileren ondoko bankua margoztea.
- 19:00. Elkarretaratzea, plazan.
GIZABURUAGA
Azaroak 29, domeka
- 12:30. Puntu morea jarriko dute udaletxeko balkoian, eta ondoren, mezuaren irakurketa egingo dute.
ISPASTER
Azaroak 25, eguaztena.
- 18:00. Elkarretaratzea, herriko plazan; eguraldi txarra baldin bada, probatokian.
- Ostean. Manifestuaren irakurketa eta txokolate beroa.
LEKEITIO
Azaroak 25, eguaztena.
- Goizean. Ikastetxeetako umeak udaletxera joango dira, Pleno Txikia egin eta udalaren adierazpena onartzera.
- 19:00. Elkarretaratzea Eskolapean, Lekeitioko Mugimendu Feministak antolatuta.
Azaroak 26, eguena.
- 19:00. Matxismoari su eta kar kar bakarrizketa Ane Lindanen eskutik, Azkue aretoan. Sarrera doan izango da.
MARKINA-XEMEIN
Gaur, barikua.
- 18:00. Jolas eta jostalu ez sexisten tailerra, Uhagonen. Markina-Xemeingo Udalak antolatuta, Urtxintxa Eskolaren eskutik. Adin guztientzat izango da, baina bereziki gurasoei bideratuta egongo da.
Azaroak 21, zapatua.
- 18:00. Gure jarduna feminismotik aztertzen mahaingurua, gaztetxean, Morelarrek antolatuta.
Azaroak 25, eguaztena.
- 20:00. Transfobiaren eta misoginiaren aurrean, autodefentsa feminista lelopean, mobilizazo zaratatsua Morelarrek deituta, Arkupetik.
Azaroak 28, zapatua
- 17:30. Drag tailerra egongo da House of Basqueers kultur elkartearen eskutik, gaztetxean. Morelarrek antolatuta.
- 19:45. Karropoteo trabestia, Morelarreren eskutik.
- 21:00. Drag showa House of Basqueers kultur elkartearen eskutik, gaztetxean. Morelarrek antolatuta.
- Ostean. Tenderete MJ.
MENDEXA
Azaroak 25, eguaztena.
- 12:00. Elkarretaratzea, herriko plazan.
MUNITIBAR
Gaur, barikua.
- 18:30. Emakumeen aurkako errepresioa Gerra Zibilean eta frankismoan hitzaldia, Maria Laespadaren markina-xemeindarraren eskutik, Habixi elkarteak antolatuta, Habixin
Etzi, domeka.
- 17:30. Sasiak eta haziak dokumentalaren proiekzioa, Habixin.
- Ostean. Tertulia.
Azaroak 25, eguaztena.
- 20:00. Elkarretaratzea, Autobus geltokian.
MUTRIKU
Azaroak 25, eguaztena.
- 18:30. Mobilizazioa, EMA gunetik hasita.
- Azaroak 26, eguena.
- 18:30. Oihana Aranaren eskoriatzarraren Zerua hemen liburuaren aurkezpena, EMA gunean.
ONDARROA
Azaroak 25, eguaztena.
- 19:00. Manifestazioa, Zaldupeko Zubitik Alamedara, Ondarroako Mugimendu Feministak antolatuta.
- 19:30. Elkarretaratzea Zubi Zaharrean, Lea-Artibaiko Itaiak antolatuta.
Azaroak 26, eguena.
- 18:30. Zure bizitzako jokoa antzerki foroa, InteRed hezkuntza eraldatzailearen alde, Etxelilan.
ZIORTZA-BOLIBAR
Azaroak 25, eguaztena.
- 18:30. Baga ala ezga? Ainhoa Etxabarria eta Nerea Gartziaren antzezlana, udaletxean.
- Ondoren. Elkarretaratzea, Elizpean.