25 urteak "mugarik gabe" ospatzen dabiltza Mutrikun

Belaunaldi ezberdinak batu ditu gaurkoan [azaroak 21] Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrenak. 100 lagunetik gora batu dira bazkarian, eta 300 sarrera baino gehiago saldu dituzte kontzertuetarako.

Txupinazoarekin batera eman diote hasiera gaur [azaroak 21] Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrenari. Helburua urte guzti hauetan gaztetxetik pasatako belaunaldiak batzea izanik, bertan bildu dira lehenengo aldiz gaztetxeko ateak ireki zituztenak, asanbladaren ibilbidearen testigu izan direnak, eta gaur egun gaztetxea bizirik matentzeko lanean dabiltzanak: guztiak ospakizunean bat eginda.

25 urte, ezto mugaik! lelopean, gaztetxe aurrean botatako txupinazoarekin eman diote hasiera jaiari, eta jarraian, Beheko Plazarako bidea hartu dute, trikitilari eta pandero jotzaileek herriko kaleak alaitzen zituzten bitartean. Beheko Plazan bertsoak eskaini dituzte gaztetxeko kide izandako Malen Aldalur eta Iñigo Arrizabalagak. Horrela bota du Aldalurrek amaieran belaunaldi berriei erreferentzia eginez: “Jende berria behar da/eusteko gaztetxeari“.

100 lagunetik gora batu dira bazkaltzeko Egaña gunean, eta operi bana izan du bertaratu bakoitzak. Izan ere, gaztetxeko kideek eskuorri formatuan egindako mezu bat jarri dute bakoitzaren aulkian: “Atzetik datozenantzat bidia zabaltzean, aurretik utzitako lekukuai heltzen, sistemian aurrian antolatu eta burrukatzen, gaztetxian sugarra belaunaldiz belaunaldi pizten. Atzo ereindako hazixa gaur loratzen, 25 urteko burrukia, bihar ere bizirik mantentzen“. Bazkalostean elektrotxarangaren txanda izan da, eta gero, jaiaren “gorengo” unera helduko dira mutrikuarrak. Izan ere, kontzertuetan “apustu berezia” egin dute urteurrenean gaztetxeko kideek: Tapia eta Leturia band, Chala Rasta, Xiberoots, eta Kumbialari. Gauari amaiera emango dio DJ Farrukitasek. Antolatzaileek azaldu dutenez, 300 sarrera baino gehiago saldu dira kontzertuetarako.