Artisau eta ekoizleen "azoka polita"

Guztira 30 postuk osatu dute gaurko [azaroak 21] Berriatuko ekoizle eta artisauen azoka. Gainera, aurten, animaliak ere bueltatu dira.

Bertoko zein inguruko herritarrak batu dira gaurkoan [azaroak 21] Berriatuko elikagai, artisau eta animalien azokan. Guztira 30 postu egon dira plazan: hamasei ekoizlek hamazortzi postu hartu dituzte, eta beste hamabi artisauek bete dituzte. Gainera, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza ere bertan egon da, egunkariko materiala erakutsi eta salduz. Horrez gain, Ondarroa BHIko ikasleek ikasbidaiarako dirua batzeko postua jarri dute, eta Berriatuko Satorzulo gaztetxeko kideak ere gaztetxeko kamisetak zein abenduaren 4ko bertso afarirako sarrerak saltzen egon dira. 

10:00etan ireki dute azoka, eta 11:00etarako iaz baino jende gehiago zebilela azaldu du Joseba Goienola Berriatuko alkateak: “Iaz ez zen animalirik egon azokan, eta aurten bai. Ez dakit horregatik izango den, baina goiz da oraindik eta jendea dabil 11:00etarako”. Eguraldiak eutsi ez duen arren “giro ederra” sortu da herriko plazan, eta jendea ibili da produktuak ikusi, dastatu eta erosten.

Lehen aldiz joan da Berriatuko azokara Kosta Itsas Egurrak artisaua, Oiartzunetik, eta itsas bazterretik jasotako egurrekin egindako lanekin osatu du bere postua: “Markina-Xemeingo Urriko Azokara joan nintzen, eta bertan eman zidaten Berriatuko Azokaren berri. Beraz, hemen nago lehen aldiz”. Zornotzatik joan da Sorginxaboiak artisaua, eta berea ere, lehen aldia izan da azokan: “Eskuz egiten ditut produktu guztiak; besteak beste, xaboiak, kandelak eta haziekin egindako poltsak…”. 

Ekoizleek ere eduki dute zeresana eta Berriatukoa azoka txikia bezain polita dela azaldu dute. Irulegiko Agerria Etxalde -ahate kontserbak- ekoizlearentzat bigarren aldia izan da gaurkoa Berriatuko azokan: “Ondo doa azoka, jendea dabil, baina horrelako herri txikietako azoketan asko baldintzatzen du inguruko herrietako egitarauak. Hala ere, horrelako azoketan gutxinaka joaten da jendea azaltzen, eta azken orduak izaten dira onenak. Hau da, salmentak beranduago hasten dira. Azoka polita da”. Iritzi antzekoa eman du baita Maison Dufrexe ekoizleak: “Urte asko daramatzat azokara etortzen, eta nire urteroko bezeroak ere baditut. Azoka txikia eta polita izaten da Berriatukoa. Salmentak nola doazen ezin esan amaierara arte, eguerdi aldean jendea gozearekin ibiltzen da eta, kar-kar-kar”. 

12:30ean Tarine Udal Musika Eskolako trikitilariek alaitu dute giroa, eta arratsaldean ere egongo da zertaz gozatu; izan ere, 39. Berritxu Saria jokatuko dute puntistek.