Batzuen tontorra, besteen amildegia
Eñaut Urreistik eta Gorka Mugartegi 'Atain'-ek eztabaidarik gabeko garaipena poltsikoratu dute Eusko Label Winter Seriesen; Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor lehiaketatik kanporatuta geratu dira.
Argi-itzalen jokoa da maiz Eusko Label Winter Series, baina askotan ez du tokirik uzten grisentzat. Atzo [azaroak 23] argi eta garbi geratu zen aurtengo bikoterik gazteena, Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak osatutako 22 urtekoa, finalaurrekoei eta, zergatik ez, final handiari begira dagoela. Are garbiago geratu zen, baina, duela urte biko azpitxapeldunak, Ludovic Ladutxe getariarra eta Mikel Mantzisidor mutrikuarra, gaur-gaurkoz ez daudela goi mailako lehiak dituen eskakizunen kotan. Lehendabizikoak erabateko merezimenduz gailendu zitzaizkien bigarrenei, Jai Alai pilotalekuko harmailak lepo bete zituzten ikusteen aurrean.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrenean, bikote urdinak ez zuen bere tokia aurkitu kantxan. Tantoak joan, tantoak etorri, Atainen nagusitasuna agerikoagoa izan zen. Ladutxek eta Mantzisidorrek bosteko berdinketara arte eutsi zioten lehiari, baina handik aurrera jokoa moreen bakarrizketa izan zen: bederatzi tanto biribildu zituzten jarraian, 14 eta 5eraino aldenduz. Azken tantoa ere gogoangarria izan zen: Urreistik gozo-gozo utzi zuen pilota, partidua amaituz. Urdinek, beren aldetik, ez zuten bereziki txarto jokatu, baina euren jokoa ez zen inondik ere arerioen mailaren parekoa izan. Hala komunikazio, nola dominantzia aldetik, Urreisti eta Atain uneoro nagusi izan zen. Horren ispilu bigarren setaren markagailua: 15 eta 6.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Partidaren hondarrean, partida irabaztea “oinarrizko helburu” zutela nabarmendu zuen Urreistik: “Barandikaren eta Basqueren aurkako partida apur bat lasaixeago jokatzeko garrantzitsua zen garaipena eskuratzea, beste neurketa hori hain erabakigarria izan ez zedin”. Lehen setean, Ladutxek material motelarekin “min handia” egin ziela azpimarratuta, mutrikuarrari “martxa hartzea kostatu” zitzaion: “Bigarren setean, baina, neurria hartu diot partidari, eta jokaldiak errematatu baino ez ditut egin behar izan”.