Lehenengo bi jardunaldiak amaituta, hirugarrenerako prest daude puntistak
Asteburuan hasiera eman zioten Zesta Puntako Binakako Elite Txapelketari Mutrikun, eta lehenengo bi jardunaldiak eginda, hirugarrena jokatuko dute barikuan [azaroak 27].
Mutrikuko Zesta Puntako Binakako Elite Txapelketaren aurkezpena, Mutrikun. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza. Barikuan [azaroak 20] eman zioten hasiera puntistek Zesta Puntako Binakako Elite Txapelketari Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan, eta asteburuan bi jardunaldi jokatu ostean, barikuan [azaroak 27] eta domekan [azaroak 29] jokatuko dituzte hirugarrena eta laugarrena.
Barikuko jardunaldian, emakumezkoetan Elaia eta Eneritz nagusitu ziren Ihart eta Maiaren aurka [30-18]. Egindako lanarekin “pozik” agertu dira berriatuarra eta mutrikuarra: “Biok partida ederra jokatu dugu, eta lortu dugu aurrera ateratzea. Lehenengo partida izan da etxean, eta uste dugu harmailetako jendeak ere partida ederra ikusi duela. Hasiera gogorra izan den arren, gero martxa hartu dugu, eta kosta arrean partida amaitu eta ixtea lortu dugu. Beraz, pozik gaude lehenengo puntuak eskuratuta”.
Gizonezkoen A taldeak bi partida jokatu zituzten barikuan. Lehenengoan, Gonzalo eta Uranga nagusitu ziren Arrasate eta Oierdiren aurka [30-26]. Aurkari gogorrak izan arren, “pozik” agertu dira bi irabazleak jokatutako partidarekin: “Borrokatutako partida izan da”. Bigarren partidan, Zelaia eta Cabanillasek irabazi zuten partida Alonso eta Danelen aurka [30-19]: “Hasieran kosta egin zaigu partidan sartzea, baina gero lortu dugu martxa hartzea eta nahiko ondo atera dugu partida. Oraindik gelditzen dira aurretik partidak, beraz, ez dago ezer lortuta”.
Domekan [azaroak 22] jokatu zuten bigarren jardunaldia puntistek. Emakumeetan Maite eta Maialen nagusitu ziren Helena eta Olaiaren aurka [30-26], partida parekatua eta lehiatua eskaini zien ikasleek, azken tantora arte: “Hasieran aurrea hartu diegu, baina gero pilota aldaketa bat egon da eta horrek zaildu egin digu partida. Amaieran, kostata bada ere, ixtea lortu dugu. Lehenengo partida izan da, eta garrantzitsua izan da irabaztea. Hala ere, aurkariek 20 tanto baino gutxiago egitea zen helburua, eta ez dugu lortu. Baina pozik gaude irabaztearekin”.
Gizonezkoen B taldea atera zen kantxara domekan, bigarren jardunaldiaren baitan, eta bi partida jokatu zituzten. Israel eta Andonegi Astelarra eta Ontoriaren aurka lehiatu ziren, eta bigarren bikotea izan zen garailea [22-30]. “Partida oso gogorra izan da, eta oso nekatuta amaitu dugu. Izan ere, tanto luzeak izan dira, 30era arte, eta atsedenerako tarte txikia izan dugu. Hala ere, uste dugu partida oso borobila jokatu dugula, eta aurkariak ere oso ondo ibili direla. Garaipena gurea izan da eta oso pozik gaude”.
Bigarren partidan Ekhi-Aratz bikoteak Zuhaitz eta Peruren aurka jokatu zuten partida, eta lehena nagusitu zen, 30-15eko markagailuarekin: “Apur bat arraroa izan da partida. Hasieran berdinduta joan da lehia [6-6], baina gero, Peruri zesta apurtu, eta 10 minutuko geldialdiaren egin dugu. Hor hotzitu egin gara, eta beraiek ere partidatik atera dira. Irabaztea lortu dugu, partidan sartuta jarraitu dugulako. Pena izan da zesta apurtzea, beraiek partidatik ateratzea eragin baitu”.
Hirugarrena eta laugarrena
Barikuan [azaroak 27] hirugarren jardunaldia lehiatuko da. Gizonezkoen A taldeak bi partida jokatuko ditu: Gonzalo-Zarandona Zelaia-Urangaren aurka, eta Arrasate-Danel Bailo eta Argoitiaren kontra. Emakumezkoetan, Maite eta Eneritz Elaia eta Maialenen aurka ariko dira.
Laugarren jardunaldia domekan [azaroak 29] jokatuko dira. Emakumezkoetan, Helena-Maia eta Ihart-Oaia ariko dira kantxan, eta gizonezkoen B taldean bi partida jokatuko dira: Israel-Aratz eta Ekhi-Andonegi eta Astelarra-Peru eta Zuhaitz-Ontoria.