Zazpi Hondartzak bizirik mantentzeko Saturraranetik hurrengo hondartzara joateko pasabide segurua exijitu dute
7plaixak bizirik plataformak, Mutrikuko Natur Taldeak eta Eguzki Taldeko Ekologistak bat egin dute aldarrikapenean, eta Saturranetik Zazpi Hondartzera joateko pasabide segurua eskatu dute.
7plaixak bizirik plataformak, Mutrikuko Natur Taldeak eta Eguzki talde ekologistak Zazpi Hondartzetarako sarbide publikoa eta segurua berreskuratzeko berehalako neurriak eskatu dituzte. 2026ko irailean, Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiak Saturraran aldetik Zazpi Hondartzetako lehenengo hondartzara sartzeko zegoen pasabidea eraitsi zuen, segurua ez zela argudiatuta. Hala ere, beste pasabide bat eraiki aurretik eraitsi zuten, eta salatu dute ordutik ez dagoela ingurura iristeko pasabide publiko alternatiborik.
Egoerak kezka eragin du inguruko erabiltzaileen artean. Izan ere, Zazpi Hondartzera joateko sarbiderik ez dagoenez, hainbat pertsona menditik edo haitzetatik barrena iristen saiatzen ari direla azaldu dute, “arriskuak hartuta”. Hiru eragileek jakinarazi dutenez, urrian lehen istripua gertatu zen: pertsona bat erori eta saihetsetan kolpea hartu zuen. “Kostaldeen Zuzendaritza Nagusia behin betiko konponbide bat aztertzen ari da, baina izapidetze-epeak direla eta, pasabide berria izateko urtebete baino gehiago itxaron beharko dela aurreikusten da”. Horregatik, berehalako irtenbide bat eskatu dute eragileek.
Natur balio handiko ingurua
Zazpi Hondartzen inguru guztia flysch beltzean kokatutako naturgune babestua da, eta balio geologiko, ekologiko, historiko eta kultural handia du. Itsas ekosistema aberatsa izateaz gain, herritar askok erabiltzen dute bainatzeko, paseatzeko edo Saturraran eta Mutriku arteko flysch beltzaren ibilbidea egiteko. Plataformak salatu du, gainera, ingurumenaren zaintzan gabeziak daudela. Haien arabera, Saturraran Zar etxeko ur zikinak hondartza txikira isurtzen dira zuzenean, bertan dagoen putzuak gainez egiten duelako. Kutsadurak hondartzari zein bainurako erabiltzen den itsasoko urari eragiten diela ohartarazi dute. Horrez gain, kalak ez du garbiketa zerbitzu publikorik, eta erabiltzaileek eurek jasotzen dituzte itsasoak ekarritako hondakinak: “Batez ere udan, hainbat erabiltzailek mantentzen dute garbi, itsasoak ekarritako zikinak jaso eta Saturraraneko hondartzeko sarreran dauden edukiontzietara eramanez”. Gainera, pasabidea eraitsi izanak, orain arteko hiru sarrerak “pribatizatzen” dituela azaldu dute: “Ezelako alternatiba eraiki aurretik sarbide hau ixteak Zazpi Hondartzetako ingurua sarbide publikorik gabe uztea ekarri du, eta ondorioz, urte askotan egon diren hiru sarrerak esku pribatuetan geratu dira. Indarrean dagoen Kosta Legeak dioenez, kostaldea eta hondartzak ezin dira pribatuak izan, itsasorako sarbideak publikoa eta doakoa behar du izan, bai herritarrentzat, baita salbamendu zerbitzuentzat ere, eta Mutrikutik Saturraranera doan itsaslabarreko hiru sarrerak itxita daude; beraz, ez da betetzen”.
Hori dela eta, hiru sarbideak —Idurre, Haitz Alde eta Saturraran Zar— irekitzea eskatu dute, bai itsas segurtasuna bermatzeko, bai herritarrek ingurua publikoki erabiltzeko aukera izan dezaten. Aldi berean, argi utzi dute ez dutela hondartzen pribatizazioa onartzen, eta ingurua zaintzearen aldeko apustua egiten dutela, “masa-turismorako sarbide” bihurtu gabe.
Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiari berehalako irtenbidea emateko eskatu diote; Mutrikuko Udalari eta eskumena izan dezaketen erakundeei, pasabidea irekitzen laguntzeko; eta jabetza duen familiari, bidea zabaltzeko erraztasunak emateko. Azkenik, herritarrei martxan jarriko duten sinadura bilketan parte hartzeko deia egin diete, Zazpi Hondartzetara sarbide publikoa eta segurua jartzeko eskatzeko.