Abendurock, ate joka

Abenduaren 11n, 18an, 19an eta 26an egongo dira Abendurock egitasmoaren kontzertuak. Sarrerak eskuragarri daude online.

Rock musikari bultzada ematea asmo, 22. Abendurock antolatu du Mutrikuko Rock Kolektiboak. Hala, abenduaren 11, 18, 19 eta 26an egingo dituzte konertzertuak, Mutrikuko Gaztetxean eta Zubiaramen. Kontzertuetako sarrerak salgai daude entradium plataforman.

Lehenengo hamar urteetan herriko tabernetan antolatzen zituzten kontzertuak Abendurock jaiandian, eta gero, gaztetxera pasa ziren antolatzaileak. Urte askotan kontzertuak gaztetxean antolatu eta gero, iaz “aro berriari eusteko eta hastapenak gogoratzeko” helburuagaz, berritasun gisa egitarauko kontzertu bat herriko taberna batera lekualdatu zuten. MRKko kideek “erdibideko” bide bat bilatu nahi izan zuten iaz, eta aurten ere bide berdinari eutsiko diote: “Ehuneko ehunean tabernetara bueltatu barik, baina egungo formatua eta lehengoa uztartuz”. Horregatik, Zubiaram tabernarekin hitz egin eta egitarauko kontzertu bat bertan eskaini zute, eta aurten ere, horrela egingo dute.

Abenduaren 11n emango diote hasiera egitarauari Joseba B. Lenoir Gang musikariaren kontzertuagaz. Kontzertua 22:30ean izango da Mutrikuko Gaztetxean, eta sarrerak zortzi euro balioko ditu. Kontzertuaren ondoren, binilo pintxada egongo da Mangual eta Brain Squezzer & le Rougarouren  eskutik. Abenduaren 18an emango diote jarraipena egitarauari Cobra eta Rodeo taldeen kontzertuekin. 22:30ean batuko dira gaztetxean, eta zortzi euro balioko ditu sarrerak. 

Hurrengo egunean, abenduaren 19an, MRK Gauaz gozatzeko aukera izango dute mutrikuarrek 19:30etik aurrera, gaztetxean. Abendurock egitasmoari amaiera emango diote abenduaren 26an. Egitarauko azken kontzertuak izango dira Zubiaram tabernan eskainiko dituztenak, 19:30etik aurrera. Hala, Hil eta Sindy Berbenas taldeak arduratuko dira egitaraua ixteaz.