Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Hegaldiaren etena heldu zaio kalaputxiari

25 urteko ibilbidearen ostean, abenduko alearekin batera itxiko ditu ateak Mutrikuko ‘Kalaputxi’ aldizkariak. Hilabetero mutrikuarrei euskarazko irakurgaia eskuartean jartzeko sortu zen, eta, helburua «ondo beteta», amaiera emango diote proiektuari Nerea Arrizabalagak, Auro Ansorregik, Joseba Palenzuelak eta Joakin Larrañagak.

Kalaputxiko Joseba Palenzuela, Auro Ansorregi eta Nerea Arrizabalaga. Kalaputxiko Joseba Palenzuela, Auro Ansorregi eta Nerea Arrizabalaga.

Hogeita bost urtetan, hilabetero jarri du hazia, eta 277. aleraino heldu da hegaldia. Azarokoa eskuetan, labean daukate abendukoa: hegoei biltzeko ordua iritsi zaie, eta kalaputxiari lur hartzekoa. 

Mende laurden batez, hilabetez hilabete, Mutrikuko etxeetako postontzietan egin du habia Kalaputxi aldizkariak. Herriari eta herritarrei ahotsa eman, eta euskarazko irakurgaia mutrikuarren esku jartzeko sortu zen, eta helburu horri eutsi dio azken zenbakira arte. Abenduan kaleratuko dute 277. zenbakia. 

Erabakia hartzea «oso zaila» izan dela azpimarratu dute Nerea Arrizabalagak, Auro Ansorregik eta Joseba Palenzuelak: «Ez da bat-batean hartutako erabakia izan: bageneraman denbora bat honi bueltaka». Lan militantetik sortutako aldizkaria izan da Kalaputxi, eta lan militante horri esker eutsi diote hainbeste urtez: «Ez gara profesionalak, ez gara kazetariak, ezta maketatzaileak ere. Euskararen aldeko militantziatik egiten dugu, herrigintzatik. Nahiz eta beste mila proiektutan gabiltzan, guretzat Kalaputxi beti izan da lehentasuna». Hainbeste ordu sartutako lanak hilabetero eman ditu bere fruituak, baina «nekea» ere sumatu dute aldizkariko kideek, eta hori izan da proiektuari amaiera emateko arrazoi nagusia: «Atzetik ez daukagu lekukorik, eta, hainbeste urte eta gero, nekatu egin gara. Lau lagun besterik ez gara, mahai bateko lau hanka, eta, batek huts egiten badu, akabo. Urtebete baino gehiago daramagu honi bueltaka, eta 25. urteurrena itxiera emateko modu ona zela pentsatu genuen». 

Hala ere, Mutrikun euskarazko aldizkaria izatearen beharrak bere horretan jarraitzen duela argi daukate hirurek: «Produktua ez da iraungitu. Euskarazko irakurgaien beharrak hor jarraitzen du. Zer daukagu bestela? HITZA eta Kalaputxi. Hemengoak. Nahiz eta garaiak aldatu diren, eta gaur egun gehiengoa telefonotik ikusten dugun, oraindik beharrezkoak dira horrelako proiektuak, eta lekua egon badago». 

Etxe guztietaraino

Duela 26 urte eman zioten hasiera proiektuari, eta 2001eko azaroan kaleratu zen lehen zenbakia, urtebeteko hausnarketa prozesuaren ondoren. Udaleko Euskara Batzordean sortu zen egitasmoa, Aitziber Andonegi buru zela eta Xiri Andonegi batzordeko kidearen bultzadarekin. Inguruko herrietan herri aldizkariak zeudela eta, hutsune hura betetzeko jaio zen Kalaputxi. 

Euskara teknikari lanetan hasita zegoen ordurako Palenzuela, eta hasierako lanketatik da lantaldearen parte. Helburua argia zen: mutrikuarrei euskarazko irakurgaia eskuetan jartzea, baita ordura arte euskaraz irakurtzeko aukerarik izan ez zutenei ere. Horretarako, banaketa masiboa egitea bultzatu zuen Xiri Andonegik, eta aldizkaria etxe guztietako postontzietara heltzea, eskatu ala ez. Argi zeukan berak: «Nahi duenari, eta nahi ez duenari ere bai». 

Ansorregi ere hastapenetatik dago taldean, eta «ondo» gogoratzen ditu hasierako hilabeteak: «Hasierako urteetan eredu profesionalizatuago batekin hasi zen proiektua, inguruko herrietako esperientziak erreferentzia hartuta. Bi langile kontratatu ziren, eta, gero, lantalde bat zegoen. Hala ere, ikusi zen egiturak ez zuela funtzionatu. Horrelako proiektu batek militantzia ordu asko eskatzen ditu».

Sei hilabeteko proba epearen ondoren, eredua aldatu, eta lan militantearen alde egin zuten. Orduan sartu zen Ansorregi: «Ehuneko ehun lan militantea izan behar zela ikusi zen. Orduan sartu nintzen ni erredakzioan». Denborak arrazoia eman diela uste dute hirurek: «25 urtez, proiektu duina atera dugu aurrera».  

Kalaputxi aldizkariak 100 ale atera zitueneko irudi bat.

Kalaputxiren 100. alea argitaratu zuteneko argazkia.

Bidelagun gehiago ere izan ditu Kalaputxi-k; azken lau urteetan taldea laurek osatu arren, 25 urtean «enbor sendoagoa» ere egon dela diote: «Sasoi batean zazpi ere baginen lantaldean. Iñigo Andonegi Xiri Andonegiren anaiak esku bat bota zigun, maketazioari zegokionez. Asko lagundu zigun, eta sasoi batean berak egiten zituen azal guztiak». 

Beranduxeago sartu zen taldera Arrizabalaga, baina azken urte luzeetan hirurek eta Larrañagak osatutako taldea izan da Kalaputxi bizirik mantentzeko motorra. «Ez dugu zenbaki bakar batean ere hutsik egin. Pandemian, papereko banaketa ezinezkoa izan zen hilabete batean, baina edizio digitala argitaratu genuen. Beste behin, astebete atzeratu zen banaketa. Baina, osterantzean, ez dugu inoiz hutsik egin. Autoexijentzia maila handia dugu». 

‘Kalaputxi’-k emandakoa

Herritarrei ez ezik, Kalaputxi-k bertako kide bakoitzari emandakoa ere «demasa» izan dela diote hirurek. Arrizabalagak lantaldeak berak emandakoa azpimarratu du: «Mahai honen bueltan pasatako momentuak botako ditut faltan. Taldeak emandakoa balioan jarri nahi dut, asko ikasi dut beste hirurekin, eta lokal honetan emandako hausnarketa, elkarrizketa eta eztabaidek asko eman didate». Kalaputxi-ri «etxeko atea» ireki dizkien herritar guztiak ere ekarri ditu gogora Ansorregik: «Etxeko eta norbere barruko ateak ireki dizkigute, beren istorioak kontatu eta partekatzeko. Bestela inoiz ezagutuko ez genukeen herritarrak ezagutu ditugu. Jendea ezagutu eta mirestu egin dut Kalaputxi-n». 

Palenzuelak herritarren «poza» izan du hizpide: «Asko bete nau Kalaputxi-n atera diren herritarrek hartutako pozak. Beren pozak geure egin ditugu. Herritarren ahotsa izan nahi genuen, eta lortu dugu». Edukiko duten hutsunea gogoan, egindako lanarekin pozik daude Arrizabalaga, Palenzuela eta Ansorregi. Kalaputxi-k lur hartuko duen arren, 25 urtean jasotako istorio, argazki eta oroitzapenek hegan jarraituko dute.