Inoiz baino handiagoa izan da EH Bilduren olatu subiranista
Hauteslekuetan ilara luzeak egon dira goizean moduan arratsaldean ere: parte hartzeak ia hamar puntu egin du gora Lea-Artibai eta Mutrikun. EH Bilduk 2.513 boto gehiago lortu ditu eta EAJk, 293 gutxiago. PSE-EE izan da hirugarren alderdi bozkatuena, 2.021 botogaz; PPk eta VOXek gorantz egin dute, 132 eta 78 boto gehiago lortuz.
Herritarrak bozkatzen. Goizean goizetik argi ikusi da gaurko hauteskunde egunak zer eman zezakeen. Tantaka beharrean, olatuan joan dira goiz partean modura arratsaldean ere botoa ematera herritarrak. Parte hartze handia espero zen, eta guztiz bete dira iragarpenak.
Lea-Artibain eta Mutrikun inor gutxi geratu da botoa eman barik. 25.882 herritar zeuden deituta bozkatzera, eta 19.066k bete dituzte hautestontziak. Partea hartzea, hortaz, %73,66koa izan da (%63,79, 2023an). Eskualdeko herririk handienei dagokienez, Lekeitiok eduki du parte hartzerik handiena (%82,10), Mutrikuk jarraitu dio %79,31gaz, Ondarroak 77,63gaz eta azkenik, Markina-Xemeinen, %77,01ekoa izan da parte hartzea.
Azken hauteskundeetako joera mantendu da gaurkoan ere. EH Bildugaz lerrokatu dira hautesle asko eta asko. 2023an gorakada nabarmena eduki zuen, eta orduan baino 2.513 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak. Olatu subiranista handia izan da. EAJk erakutsi du txanponaren beste aldea, gurutzea. Jeltzaleek aurreko hauteskundeetan baino 293 boto gutxiago jaso dituzte. 2023ko hauteskundeetan Etxebarria izan zen jeltzaleek irabazi zuten udalerri bakarra, babes eremua, baina oraingoan EH Bilduk lortu du botoen gehiengoa (240), EAJren 182 botoen aurrean.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek bi garaile utzi dituzte Hego Euskal Herrian: Alderdi Sozialista eta EH Bildu. Eserlekuen mapari dagokionez ez da aldaketarik egon, eta sozialistak dira lehenengo indarra: jokoan zeuden 23 aulkietatik bederatzi eskuratu dituzte. Botoen joeran, baina, berritasuna egon da, koalizio subiranista izan da-eta indarrik bozkatuena. Marka guztiak hautsi ditu gainera, milioi erditik gora boto eskuratuta. Txanponaren beste aldean dago EAJ, amildu egin baita. Koalizio abertzaleak eserleku bat gehiago edukiko du Espainiako Kongresuan (7 denetara) eta alderdi jeltzaleak, bi gutxiago (3 eserleku lortuta, lehen aldiz, ez du izango talde parlamentariorik).
Espainiako estatuan, eskuina garaile
Hego Euskal Herrian gertatutakoaren kontran, PP Alderdi Popularra eskuindarrak eta Vox alderdi ultraeskuindarrak ganberako gehiengo absolutua lortuko dute, 184 diputatugaz; UPN-PP koalizioagaz bi eserleku gehiago edukiko dituzte, eta, hortaz, eskuineko alderdiak elkarrekin hitzartu ahalko lukete gobernu akordioa. Denera 186 eserleku izango dituzte. Behe ganberan 350 eserleku daude, eta 176 behar dira gehiengo absolutua lortzeko.
Behin-behineko emaitzen arabera, PPk irabazi ditu hauteskundeak berriz ere, eta 132 diputatu izango ditu, duela hiru urte baino bost gutxiago. PSOE izango da bigarren indarra, 116 diputatugaz: duela hiru urte baino bost gutxiago.
Vox izango da hirugarren indarra, 52 diputatugaz (+19); horiek horrela, inoizko emaitzarik onenak lortu ditu beste behin, 52 diputatu eskuratu zituen-eta 2019ko azaroko hauteskundeetan.
Fronte Zabalak hamar diputatu izango ditu aurrerantzean. Sumar ezker konfederaleko koalizioak 33 diputatu lortu zituen 2023ko uztaileko hauteskundeetan, horrenbestez, ezker konfederalak nabarmen egin du behera.