Abendu santu honetan
Euskal kulturaz blai! Gerediaga elkartearen gidaritzapean, urtetik urtera eraberritzen eta indartuz doan Durangoko Azokaren 54. edizioak emango dio hasiera hile honetako maratoiari. Liburu eta disko azoka bezala jaio zena, euskal kulturaren manifestazioa bilakatu da. Gure ondarea osatuko duten aleak dastatzeko parada aukeran jartzen dizkigularik. Eskerrik asko!
Lehen plater potolo honen betekada gainditzen joan ahala, hile bukaera aldera mahairatuko diren usai eta zaporeak jabetuko dira gure memoriaz. Aza, barraskilo saltsa, arrain zopa, kremazko tostadak. Sukaldeko motorra martxan. Belaunaldiz-belaunaldi transmititutako ondare gastronomikoaz gozatzeko unea. Ohitura errotua. Kultura, nola ez!
Eta borbor horren beropean, urte osoan kutxan tentuz gorderik izan ditugun baserritar txapela, gona, kaikua eta zapiak ateratzen hasiko gara. Olentzero eta Mari Domingiren kontuak eta doinuak berreskuratzen. Euskal mitologiaren parte diren pertsonai hauen zeresana ikasten. Hilaren hogeita lauko gauaren tonua bilatzen.
Bitartean, hilabete osoan, herriz herri eskaintzen diren Gabon entzunaldietan, musika eskola, koru, txistulari zein trikitilari talde ezberdinek azken hiru hilabete hauetan landutako piezak ezagutzeko aukera ere izango da.
Eta aipatutako hori guztia gutxi izango balitz, gure Gernikan, Ean edota Gautegiz Arteagan esaterako, Marijesiek, zorionez, Eguberri Eguna aurretik diren bederatzi gauetan Nazareteko Jesus, Ama birgina, Errege Mago eta eskritura sakratuetako beste zenbait istorio abestuko dituzte. XVII. mendetik gaurdaino iritsi den ohiturari, beste behingoz, jarraipena emango diotelarik. Gora zuek!
Ondarea, ohitura, kultura!
Abendu Santu honetan
Kristoren jaiotzia,
kontentuaren handiz
guztiok poz gaitian