Aberriaren mugak
Euskal kanta ezagun eta eder honek dioen bezala gure baitan daude buruari jarri nahi dizkiogun mugak. Txomin Artolak euskara baliatu zuen eta gure herri maitatuaren mugak handitzeko egin beharra zegoena erakutsi zigun. Hitza jaso, erabili eta zabaldu.
Niri HITZAko Maitek zabaldu zidan iritzi artikuluen atea. Jaso, erabili eta azken urte hauetan nire burutapen, kezka, kexa, zorion mezu eta aldarrikapen positiboak ere ezagutarazi dizkizuet. Hitz baten, zuei zabaldu naiz. Ariketa polita izan da eta guztiz sorioneku sentitzen naiz. Baina istorio guztiek dute amaiera bat eta gure bi hileroko idatzizko bidea hemen amaitzen da. Halere, aldez aurretik antolatutako agurrek beti dute azken diskurtso baterako parada. Gauzak horrela, hemen doa nirea. Gorkaren mugak.
Ongizatea hazkundeari lotuta dago eta beste irtenbiderik ez dagoela sinestarazten digute. Europar ekialdeko bonbardaketa baino gaitz txarragoa da hau. Bizitzaz gozatu ahal izateko beraz, gure munarriak nun hasi eta nun bukatzen diren finkatzea da denok egin beharra dugun ariketa. Nolabait, horrek mugatuko baitu gure gerla. Bakoitzaren guda zelaia.
Askok, familian sakontzen dute. Semeak, gurasoak, senar-emaztea. Betiko lagunak, lagun ohi bihurtuz. Badira ere, baserri bueltako beheko su goxo horren estalpean biziaz gozatzen dutenak. Lana, bide gurutzeko tabernako potea, baserria, ardiak, txakurra, ehiza, onddoak eta abar. Batzuk, itsaso zabalaren miresmenean isolatzen dira. Talan edo portutik barrurako bizitzari lepoa emanda. Gutxi batzuk, abentureroak dira. Elkanoren seme-alabak. Furgoa, motxila, bizikleta zorroak hartu eta munduak zer dioen arakatzen doaz. Nola ez, zergen mehatxupean zein aukeratutakoa hori izan delako, lanaren preso bizi direnak ere baditugu. Baina gehienak, herriaren harrizko harresien «babesean» bizi dira. Kanpoko mundu arriskutsu horretara urteroko bi edo hiru irteera programatu egin eta kito. Ezberdinak, baina aukerak. Nire miresmena aurretik joan dadila aukera guzti hauek ondo meditatutako erabaki pertsonalak badira.
Adinean aurrera egiteak, zure horretan gelditzera eramaten zaitu. Hedapen denbora bat dago nola ez, baina honek ere bere amaiera du. Idazten duenaren kasuan, ikasketek, lanak eta gurasoen izerdiak beste kontinenteak ez, baina gure eremua nahikoa ondo ezagutzeko aukera eman didate. Gernika, Markina, Mundaka, Donostia, Gasteiz, Iruñea edo Bilbo hiria iturburu izanda, gurea nolakoa den ikasi dut. Bizikleta ere, nire lagun mina den Josebari esker, aldamenean izan dut mundua ezagutzeko aitzaki azken hogei urteetan. Milesker lagun!
Eta denbora honetan ibilitakoarekin hau da nire azken iritzia. Leku paregabean bizi gara. Mutrikutik Bermiora doazen kilometrotan aurkitu dezakeguna ederra da benetan. Barne zein kosta, mendi zein itsaso zorionekoak gara gu. Euskara lantzen da, eskola jasangarriak eratzen ari gara, kosta polita dugu, txangoetarako aukerak ugari dira eta bizikletaz zer esan! Bai, lana falta da, zeozer asmatu edo ekarri beharra dago lehengo denborak berreskuratzeko. Baita, garraiobide jasangarriagoak, trena alegia, hobetu beharra daude. Eta behingoz, kirola eta kultura gustuko dugunok behar dugulako, gure eskualde bien agenda bakarra komunikatzeko web orria, aldizkaria edo dena delakoa martxan jarri behar da! Gustukoa delako Lekeitioko zine ziklora hurbiltzea, Markinako unibertsitatera pilota ikusten joatea, kostako herrietan ematen diren arraun ekitaldiez gozatzea edo gure herri merkatuetan gelditzen zaizkigun nekazari zein abeltzainen produktuak dastatu eta haien lana ezagutzea. Amankomunean lan egitea da bidea. Hori da gure topagunea. Gure aberriaren mugen babesean lan egin nahi badugu, amankomunean bizitzea da bidea. Aupada bat! Milesker HITZA eta gora zuek.