Abiadurea
Koarentenea zorrotz mantentzeaz gehiegi egin da berba. Norberak korapilo honetan bere haria daukala larregitan errepikau da. Konfinamentuak beregan dakarren etxekotasunera etorrita, baina, kontua da bakotxak bere teknika partikularrak dituala, egonaldi luzea hein baten eztitzeko. Ni neu beti izan naz oso etxezuloa eta, horregatik, badira koarentenea orduko banituan eta atxilotze honegaz bikain enkajau dabeen zenbait ohitura. Horreetako bat kafea leihotik begira edatea da. Erritual horrek, noski, kanpoko txikikeria oroz jaubetzea dakar. Baita nire aldameneko agurearen kasuaz kargutzea be.
Nire aurrean bizi dan agure bakartia udabarri honetan zorotzen hasi dala begitantzen jat. Nire eretxia distantziatik sorturikoa da, jakina, begiek soilik ikusitakoaren informazino (ez beti) fidagarriagaz osotua. Hori bai, irudimenak dinost zorotzen hasi dala, eta nire zuhurtziak zera itaundu deutso imaginazinoari: agure bat zorotzea, bere adinean, ez al da arraroa?
Birusaren krisia hasi bezain pronto, leiho oro edegi eban, argi barriari ondo etorria emonaz lez, epel usaineko haizeari. Gero, lanparak erosi zituan, eta etxean barrena kokatu; zeharkako argi motelek etxea gerizpa horixkez beteten eben. Egun baten, paperezko bizpahiru haize-orrotz agertu ziran balkoiko lorontzietan sartuta.
Gaur, ostera, emakume bat agertu jako etxean, zaharra besteko baldarra, agurea bera lakoa. Gelaz gela ibili dira. Ostean, balkoira urtenda, agureak argibideak emon deutsoz inguruari buruz. Ezkaratzera pasarazo dau, azkenik, emakumea; sorbaldatik samur oratuta, jesarteko gonbitea luzatu deutso. Agureak ardau-botila bat atara dau hozkailutik, baina, ha edegi orduko, kandela gorri luzexka bat isiotu dau sukaldeko mahai erdian. Orduan, errezeleari tira egin eta izkutau egin dira.
Ikusten nebana ostonduta, nire irudimenak ezin izan dau ondorengo orduetan gertatuko dan eszenea. Agurea maitemindu egin ete da, ba? Ala oraindino be nonor erakarteko gauza dala dinoan mezu lasaigarria baino ez ete dau bilatzen emakume horren bisiteak? Ezin dot imaginau zelakoa litzakeen bi zaharron arteko harreman sexuala. Euren sexuak be, zimurtuta, narras, azal-huts eta idor imajinetan dodaz, gorputzeko gainontzeko azalaren neurrian. Mantso-mantso imajinetan dodaz agurearen esku dardartiak, emakumeari sostenak soltetan, bere ibilkerea lez. Goizero, oinetakoak jantzi ezinik ibiliarazoko daben baldarkeriagaz imajinetan dot, emakumeari gonak eranzten.
Eta, gero, zer? Nire irudimenak ezin ditu jarri zaharrok maitasunak eskatzen daben abiadurean, ez dodaz ikusten grinak bihotzari emoten deutsozan astinduei eusteko lain, ez jat begitantzen gizon hori emakumearen ganera igoteko gai danik, batari edo besteari apurtuko jakon hazurraren kraskada barik. Adin bakotxak bere abiadurea ei dauka eta sentimen bakotxak bere erritmoa eskatzen dau. Existiduko ete da gorputzaren trebetasunik bako maitasunik? Imajinetan saiatu arren, gero zelakoa izango nazen irudikatu ezinik emon dodaz urteak.
Gaur beste egun bat da. Atzokoa betiko joan da. Agurea balkoira urten da eta haize-orrotz paperezkoei putz egin deutse, baina ez dabil haizerik.