Ahul
Ez naz lagunak atxikitzen dituen horreetakoa. Ez dakit euren errua dan ala neurea, baina ihes egiten deustie ia beti. Eta, akaso, pentsauko dabe ez jatazala ezer ardura, ez nazelako gauza oso burutsuak esan zalea, edo, osterantzean, ez nazelako besteen aurrean sendo, seguru eta harro azaltzen trebea. Halantxe da, ordea: lagunak eusteko langintzean tipo sano eskasa naz, zinez. Jentea badator zeure bizitzara –ia beti ezustean– eta egiten deutsezu lekutxu bat, eta eskaintzen deutsezu bizitzean zuretzat baliotsuena dan gauza bat, beharbada, oso estimuan ez daukaguna: zeure denporea; orduantxe hasten zara lehenago zuretzat ezezaguna zan pertsona horri, hain zuzen be, lagun deitzen.
Oso grinatia edo arranguratsua baldin bazara, opariak egingo deutsazuz, sekretuak kontauko, lagako deutsazu zure libururik kuttunena eta eroango dozu berak ez, baina zuk bai ezagutzen dozun leku berezi horretara. Gauza benetan ederra da. Gero, bizitzea dator bere kontu prosaikoakaz, eta agertzen dira alperkeriak eta atxakiak, eta kitto. Akabo.
Arraroena da zelan joaten diran batzuk euren lorratzik itxi barik. Duela gitxi pasau jatan: banindoan bizikletan osteratxu bat egitera, eta nire aldamenetik pasau zan nigaz txirrindularitzan ibilitako umezaroko lagun bat, oso mina niretzako. Baneroazan ikusi barik bospasei urte, apenas haren barririk gabe. Alkarregaz egin genduan aurrera, ha txistuka eta ni arnasestu betean, haren erritmoari ezin segi. Alkarregaz bizikletan eginiko lehenengo txangoa gomutau neban, 2009. urtean, ha bere Colnago gorriagaz –Campagnolo osagaiakaz hornitua!–, neu, ostera, gurasoek opari egindako Massi horixka handiegiagaz, biak Sollube aldera. Erraz igo genduan, 14 bat urte geunkazan.
Sollube aldetik bueltan ilunduta egoan, eta ilunpetan errepide baztarrean beharrean ebilen baserritar bategaz talka eginda lurrera erori nintzan. Asfalto ganean luze amildurik, nire lagunaren esperoan geratu nintzan, baina haren inongo arrastorik ez, eta baserritarrak berak eroan ninduan etxeraino. Mila kilometro egin genduzan bata bestearen ondoan lagunak eta biok: zinez maite neban eta zinez miresten neban.
Ondoren, lehendabiziko zigarroak etorri ziran, lehenengo sexu harremanak, nerabeen kontu betierekoak, eta betiko aldendu ginan. Ez dakit hark zelan bizi izan dauan bion arteko hutsunea. Nik faltan hartu dot. Baina ez neutson esan, eta ez deutsat esango. Edo, agian, bai.