Alaitasunez eta irrintziz
Ezagutzen nautenek badakite pertsona aktibo bat (izaten saiatzen) naizela, egunerokotasunean gauza askotan nabilela eta nekez aurkitu daitekeela tarte hutsik nire agendan. Egiten ditudan, egiteke dauzkadan eta denbora librea horren estimatua dagoen sasoiotan, badago beste esparru bat. Nigan betidanik leku bat izan duen zaletasun «sekretu» bat.
Ia oinez ikastearekin batera sartu gintuzten gurasoek herriko euskal dantza taldean hiru neba-arrebok, eta geure kasa jarraitu dugu gerora. Familia dantzari bateko seme-alabak izanik, patua idatzita zegoela ematen du. Aita eta ama dantzariak izan ziren luzaroan, baita osaba eta lehengusu-lehengusinen zerrenda luzea ere.
Esan dezaket bizi osoa daramadala honetan eta gerora etorri zirela urteen joanean dantzari lehentasunezko postua lapurtu dioten gainontzeko hobbyak.
Haurtzaroa dantzan eman genuen herriko ia gure belaunaldi osoak, orain 20 urte gutxi gora-behera. Batzuk pozarren eta besteak erdi derrigortuta, baina bertan batzen ginen larunbat goizetan, musu-truk gu aguantatzera zetozen irakasleen esanetara. Ezingo dugu sekula neurriz eskertu gurekin eta gugatik emandako denbora zein transmititutako baloreak: talde izaera, gure kulturarekiko eta euskararekiko maitasuna…
Hala, borobileko dantza sinpleekin hasi ziren umetxo haiek joan ziren apurka ezpatak, ikurrinak, makilak, arkuak edo zintak hartzen eta herri, eskualde eta probintziako ekitaldietan Busturiko Irrintzi Alaien izena eramaten.
Ezingo dugu sekula neurriz eskertu gurekin eta gugatik emandako denbora zein transmititutako baloreak: talde izaera, gure kulturarekiko eta euskararekiko maitasuna…
Joan den azaroaren 4an ospatu genuen Busturialdeko dantzari eguna, Muxikan. Urtero dantza talde bati dagokio antolatzea eta ez da astakeria bat esatea niretzat urteko egunik ederrenetakoa dela. Eskualdeko taldeen topaketa, dantza ekitaldia, afaria, erromeria… arnasgunea eta jarraitzeko hauspoa. Badaude eskualdean gure zaletasun berbera daukaten pertsonak. Gazteak eta gazte izandakoak. Ez gaude bakarrik, ez gara bakarrak. Urtero gehiago kostatzen dela, belaunaldi berriak ez direla gurea bezain jendetsuak, erreleboa beltz ikusten dugula eta galtzera utzi baino lehen jarraitu egin behar dugula… izan ziren partekatu genituen hausnarketetako batzuk.
Honek ez du penarik merezi, baina. Honek pozak merezi ditu. Merezi du, eta asko gainera. Beraz, ahal dogun artean dantzan jarraituko dugu, ondo erakutsi ziguten moduan, alaitasunez eta irrintziz.