Aspaldi ez nebala nire laguna ikusten, eta harrigarria egin jat gu guztiongan kalte nabarmenak eragin dituan denporea berataz zein delikaturo ahaztu dan ikustea. Ez dakit berbetan geratu beharko neuken, herrian ikusi neban azken aldian alkarri agur soil bat botaten geuntson eta, espaloi batetik bestera: harremanen herdoila. Eta, beharbada, irri egin dabelako –edo, agian, jakingura handiegia daukadalako–, geratu egin naz. Ahalik eta azkarren trukatu doguz oinarrizko kontu zein protokoloak; ostean, oharkabean, ondokoa esan dau: «Ikusten dot liburuekiko zaletasuna mantendu dozula». Esaldia amaitu orduko oroitu dot, ez larritasun barik, aspaldian oparitu neutson elabarri ha, garai hartan harremanaren baitako keinu sotila izan ahalko zana. Baina, orain, denporearen joanaren ondorioz, sedukzino-keinu garbi modura ageri jat, bat-batean geure harreman osoa keinu salatzaile txiki horretan kontzentrauta balego lez.
Gaia aldatzeko imintzinoa egin dot, liburua honezkero ahaztua izango dauan esperantzeagaz, baina gaiari eutsi deutso hark, eta aitatu dau tarteka egunkariatan ikusten nabela, beti egiten deutsola grazia ni horren pose edo aldarte serioan ikustea; hori justifiketan saiatu naz ni, beti ahalik eta pose naturalena ipinten dodala esanaz, eta eskuagaz keinua egin dot axolabakokeria azaldu guran. Jarraian, ganera, zorokeria berbea aitatu dot, geure mundu hau –literaturearena– zoroa dala adierazteko; kontua garbi ixteko, zirkua eta eta fartsea hitzak baliau dodaz.
Denda baten parean gagoz, ezusteko enkontruen ohiko zailtasunen atrezzoagaz: banatzaile bat pasau da bere kartoizko bidalketa-kutxakaz; emakume bat, eskuatan erosketen poltsak hartuta… Orduatxe, alkarrizketea eten egin behar izan dogu, apurtxu bat hona edo hara mugitzeko, eta mugimendu horretan zinez sentitzen dogun urduritasuna ikusi da –edo urduritasuna izkutetako trebezia guztiz eskasa–, han geratu garelako hankak eta besoak zelan jarri jakin barik: orain hanka baten bermatuta, gero besoak gurutzatuta, edo eskuak partikeratan sartuta.
Handik arineketan alde egiteko tentazinoa sentitzen hasi naz, baina urduritasunaren ondoriotako bat izan ohi da, hain zuzen be, agur esaten ez jakitea, hots, despeditzeko berba aproposakaz ez jotea. Baina gaia aldatzea lortu dot, gitxienez –oparitutako liburuaren mamua uxatzea–; une horretan hasi jat bere bizitzeaz berbetan: egia esateko, ez da oso bizitza alaia, ezta tristea be. Bizitza arrunta da, gertakari nahiz sentimendu gatazkatsurik bakoa. Berbak hain txarto hautatuz esan ei dogun bezela, bizitza normala dauka. Nire artean, mendekuaren gozoa sentidu dot, bere gristasunean orduan eta garbiago agiri jat-eta inoz bera limurtzeko izan neban plana eta porrotak nigan sortu eban etsipen mingotsa; «horra hor, bere ni bako bizitza emozino bakoa», esan dot nire baitarako. Hain da patetikoa pentsamendua, burutik kentzen saiatu naz; alperrik, dana dala.
Neskeak, bien bitartean, berbetan jarraitu dau, eta daborduko ahaztua neukan ulea begien paretik kentzeko keinua egin dau behin eta barriro, eta konturatu naz behinolako edertasuna daukala oraindino, handiagoa ez bada: halako irmotasun bat begiradean, edo patxada bat, akaso. Eta bere edertasunagatik –barriro– liluratutear nagoala, zera entzun dot: «Neuk ez dot irakurten; egia esan behar badot, nire bizitzean irakurri dodan liburu bakarra zeuk opari egindako ha izan zan… gogoan dozu, ezta?». Hantxe gagoz, espaloiaren erdian, Cyrano zapuztua eta neska lerdena, biak parez pare, eta ez dakit entzun dodana benetan entzun ete dodan ala berbok imajinau egin dodazan. Hori bai, matrailak gorritzen hasi jatazala sentidu dot bat-batean, eta neskeari halango irribarretxu maltzurra sortu jakola, aurretiaz aitatu dodan bizitza normalagaz inongo zerikusirik ez daukan keinu landu zein sofistikadua.