Amapolita Blues
Gatxa da begiradea pantailatik desitsastea, kanpoan dagoan danaz kargutzeko leiho bakarra bihurtu baita. Lehengunean, lagun batek kartzelaldia zelan daroadan itaundu eustan eta errotik moztu neutson berbaldia: ez nabil idazten, idatzi ezinda nabil. Nire sormena, uneotan, zeharo hutsala da. Niretzat sinple askoa da: bizia behar dot, idatzi ahal izateko. Eta, momentu honetan, bizia geldi dago, ia-ia hilda, eta biziaz idaztea, hau gaixorik dagoanean, hormaren kontra zuzen-zuzen eta galga barik joatea da.
Hori dala-ta, pantailea iturri daukan informazinoak hor kanpoan dana berton lez dagoala dinostan pentsamentua elikatzen deust. Nire amuma zanaren –eta danaren– pareko ule urdindua daukien beste hamaikatxu amumaren uleak ikustea lagaten deust pantaileak, Zallako lagunek adoptau barri dabeen kaletxakur koitadua, iraintzerainoko erreztasunez biziaren sinpletasuna bueltetan deustan ogi-banatzailearen barre-algara deskontroladua edo bizikletako arropak lehendabiziz jantzi zituanean nasaiegi geratu jakozan umearen begiradea. Biziak aurrera darrai, egunero errepikatzen naz. Mundua aurrera doa, mantso-mantso, baina badoa.
Badira deserosoagoak diran lekuak be, pantaileak gordetan dituanak: ansiedadea nahieran dabilen eremuak eta eztabaidak nigaz edo nire kontra zagoz batera mugatzen diranak. Horreek, ahal dodan lez, ekiditen saiatzen naz. Horreetan bai altzetan dodala begiradea; airea hartzen dot, sakon, goizaldeko seiretan edo iluntzeko zortziretan baino iratzartzen ez dan kalea begiztatzen dot, daborduko buruz dakidazan xehetasunatan enegarrenez erreparetan dot. Eta, egia esan, zeozertaz kargutu naz: bai balkoiak, bai leihoak Twitterreko murru bihurtu dira; bakotxak bere sentimenak, burrukak nahiz aldarrikapenak bitxiki baina modu paketsuan adierazteko habitatak dira.
Gure auzoan danatarikoak dagoz: badagoz dolu-xingola baltzak dituen ikurriñak, osasungintza publikoaren aldeko esaldiak margoztuta daukiezan kamiseta zuriak, eskuz eginiko eta ostadar itxurako kartelak; badagoz zabaltzen ikusi ez dodazan leiho nahiz pertsianak, eta horreek arratsaldea erdibitzen dabeen anbulantzien sirena-hotsaren besteko bildurra emoten deustie; badagoz inoz ureztatuak izateari itxi ez deutsien landarak eta modu estrategikoan leiho-ertzatan kokatzen diran burukiak, txalo egiteko sasoian ukondo nekatu(egi)ei eusteko. Nire auzoko leihoatan maitasuna dago, bildurra dago, amorrua dago, tristezia dago. Isiltasunez ganezka dago, baina baita zaratea birrindu eta soinu atsegin bat atarateko gogoz be. Badagoz zeharka jausten diran txanponak eta badagoz begiatara begiratzean desegiten diran bandoak. Danatarik dago, pantaila baten babespean gordeko diran erasoak, irainak edo mezpretxuak izan ezik.
Nire auzokoak zinez desbardinak gara eta diferentzia horrek batuta mantentzen gaitu, orekan. Ze, ez gara sare sozialatan eztabaidan dabizen horreek. Arratsaldero, alkar begiratzen dogun eta alkarreri zelan daroagun itauntzen deutsagunak gara, erosketak egiteko gure burua eskaintzen dogunak edo txalo egite hutsak bestelako eginbehar politiko, sozial zein pertsonal batzuk inpliketan dituala ondo dakigunak. Koarentenako egun bakotxak kanta bat daukala dakigunak gara, eta, oraintxe bertan, Amapolita Blues nire belarriatan.