ARDURA HARTU
Abusua. Intentzio eta nahi horrek batu zituen 80 gizon baino gehiago hamarkada luze batez, gutxienez, Mazaneko talde bortxaketa jarraituan. Izenburu hori zeraman artxibo bati esker jakin izan dugu suhiltzaileak, medikuak, kazetari zein informatikariak; hau da, ogibide eta bizitza ezberdinak zituzten gizonak, nahita, eta bere borondate faltaz jakitun, emakume baten kontra antolatutako eraso baten parte izan zirela. Pelikuletan soilik gertatzen direla uste ditugun gauzak albistegietan ikusten ditugunean, erasotzaileak psikopata batzuk direla pentsatzen dugu zuzenean, buruan ondo funtzionatzen ez duen zerbait daukatela, alegia. Kasu honetan ez zen horrela izan ordea; eraso hau, jendartean normaltasun osoz parte hartzen zuten hamarnaka gizonek, modu kontzientean, gauzatu zuten urtez urte.
Pentsatu dezakegu kasualitatea izan daitekeela horrenbeste munstro eremu hain txikian topatu izana, baina ingurura eta atzera begiratzen dut, eta ikusten dudanak erakusten dit uste baino errealitate hurbilagoa dela. Manada, Gernikako saskibaloi entrenatzailea, Kote Cabezudo, Arabako Foru Aldundiaren babespean zeuden adingabeen prostituzio sarea, Yllanes… kasurik mediatikoenak aipatzearren. Emakumea(k) gorrotatzen ditu(zt)en psikopata propioak dauzkagu hemen. Poliziak, medikuak, entrenatzaileak, psikologoak… Gurean ere, eremu publikoan bizitza normala zeramaten gizonak ziren erasotzaileak, banaka zein taldean erasotu zuten eta eraso guztiak modu kontzientean burutu zituzten.
Pelikuletakoak diruditen istorio gehiegi bizi izan ditugu, bai, baina zoritxarrez emakumeek beraien azaletan bizitako errealitateak izan dira. Modu ezberdinetan adieraziak – talde bortxaketa, sumisio kimikoa, erailketa, sextinga – eta mota guztietako protagonistekin –aberatsak, txiroak, zaharrak, gazteak, bertokoak, etorritakoak–, baina trama beti da berdina. Gizon batek emakume bat erasotzen du kasu guztietan. Horrek erakusten digu zein den ekuazio honetan elementu determinantea. Gizona . Gizonak, gizon izateagatik bortxatzaileak izan daitezkeela esateagatik minduta sentitu dira asko, ordea. Batzuk «ez direla horrelakoak» argudiatuta. Horrelako bat eta bakarra existituko balitz bezala. Nere ustez, bortxatzaile bat ez izatea baino gehiago disputatu beharko lukete gizonek afera honetan, eta ahizpatasunetik ikasi, gizonen arteko korporatibismoarekin bukatzeko. Zaldun arteko paktuekin bukatzea hil ala biziko kontua delako guretzat. Emakumeok gutariko bat ukitzean, guztiok ukitzen gaituzuela sinisten dugun moduan, gizonok zuetariko batek ukitzen duenean, guztiok ukitzen duzuela sentitzen hasten zaretenean, egoera hau konpontzetik hurbilago kokatuko garela esango nuke.