Armosua
Zapatu goiza. Marta ohetik jagi da eta etxeko zapatilak esku artean, ortozik eta arnasari eutsiaz igaro dau korridorea. Oin puntetan heldu da ezkaratzera, eta geldiro-geldiro zarratu dau atea. Ez dau inongo zaratarik egin gura, ez ditu seme-alabak esnatu nahi. Zapatua baldin bada be, Martak iratzargailua jarri dau, besteak baino lehenago jagiteko. Bere jomugea bakar-bakarrik gosaltzea da. Armosua bakarrik hartzea: astebururo bilatzen daben plazer txiker eta iheskor hori.
Kafea sutan jarri dau, ogia xerretan ebagi, albisteak irakurteko iPad-a isiotu eta mahai aurrean jesarri da, azkenik. Gurina eta marmeladea ogi ganean zabaldu eta kafesnetan busti dituan une horretan bertan, baina, oraindino entzun gura ez eban deia heldu jako belarrietara: «Amaaa!». Akabo gosaria, akabo albisteak bare-bare irakurtea: akabo pakea. Oraindino kea botaten daben kafeari penaz begira altxau da. Badaki barriro jesarten danerako zeharo hoztuta egongo dala.
Martari honelakoak gertatzen jakozanetik urte batzuk igaro dira. Gaur, sukaldean bakarrik gosaltzen daben artean, umeak txikitxuak ziran garai hartako neke etengabe ha gomutau dau, berarentzako espazioak aurkitzeko saiakera alperrikako hareek; zelan bilatzen eban astebururo, arrakasta barik, bakarrik eta lasai gosaltzea.
Gaur, halantxe dago: bakarrik armosutan. Seme nagusia atzerrian dauka ikasten eta alaba gaztea lagun baten etxera joan ei da lo egitera –edo hori da, behintzat, esan deutsona–. Gaur, korridorea ez dau oin puntetan igaro behar izan; gaur, ez dau inor esnatzeko bildurrik eduki. Gaur bakarrik gosaldu lezake, lasai asko.
Baina garai baten ametsa zanak, gaur, lehenengo aldiz, bestelako tankerea hartu dau, eta Martak gela huts baten oihartzuna entzun dau, eta ibili bako izaren hoztasuna sentidu. Eta, bapatean, kargutu da faltan sentitzen dituala goizeko zaratak, Colacaoz zikindutako pijamak, gaileta zaporeko goizeko lehen mosuak… Trago luze eta mingotsa emon deutso kafe beroari, begiak tinko zarratu ditu eta esperoan lotu da.
Garai baten hain nekagarri egiten jakon deiren baten zain dagoala dirudi.