Askatasuna
Askatasunaren mugak inoiz baino lausoago daude azken boladan, eta, aldi berean, gero eta gehiago entzuten da han-hemen libre izatearen aldarria, gorazarrea, nahia. Denek nahi dute haren jabe izan, ideiaren jabe, edo, bai behinik behin kontzeptuaren jabe. Askatasuna darabilte gazteek eta helduek, eskuinak eta ezkerrak. Askatasunez bizi nahi dute batzuek eta besteek, ohartu gabe batzuenak besteena mugatzea dakarrela ezinbestean.
Askok askatasunez erabaki nahi dute askatasunak mugatzea: osasunaren mesedetan. Etxean geratu nahi dute, jende gutxirekin egon, eskuak sarri garbitu, eta, beti-beti, FFP2 musukoak eraman soinean. Beste hainbestek neurriei itzuri egitean ikusten dute askatasuna. COVID-19ak eragin digun itxialdi fisiko eta psikologikotik alde egin nahi dute, besarkatu, musukatu, dantzatu, mundua hankaz gora dagoela baliatu anabasara batzeko.
Bada askatasuna bikotekide ohia hirian ez gurutzatzeko aukeran edo lanetik irtetean garagardo bat edateko betan ikusten duenik; askatasuna baino gehiago LIBERTAD-LIBERTAD aldarrikatzen duenik ere bai.
Bada askatasuna ahotan darabilen arren beste esanahi bat ematen dionik ere. Aniztasunari, praktika disidenteak bistaratzeari, berdintasunari, erabakitzeko aukerari, giza eskubideen bermeari… garrantzia ematen dionik.
Kuriosoa da nola aukeratzen duten denek hitz bera hain gauza diferenteak, eta, areago, kontrakoak aldarrikatzeko
Ziur ez dela kasualitatea libertateari hainbeste ertz atera izana justu arauak eguneroko ogi eta buletinak egunkari bihurtu zaizkigunean, baina kuriosoa da nola aukeratzen duten denek hitz bera hain gauza diferenteak, eta, areago, kontrakoak aldarrikatzeko.
Besteen askatasun nahiak beldurra eragiten digu, sarri geurea mugatzea dakarrelako: migrazioari buruzko diskurtso arrazistak dituztenak, LGTBIfobikoak direnak, matxistak, pobreziaren kriminalizazioa dakartenak, langileen esplotazioa bultzatzen dutenak… ertzeko kolektiboen askatasuna mugatzeaz ari dira, eta, alde erantzira, hauenak aldarrikatzeak bere baitan dakar zenbaiten pribilegioak kilin-koloka hastea. Ai, askatasuna, hain gauza desiratua eta gorrotatua… nork esaten duenaren araberakoa.
Zeinek ezarritako mugetan izan nahi dugun libre, horrexek definituko luke akaso geure askatasuna. Pandemia baten erdian, mugak eta dudak. Eta askatasun egarria, nork berearena.