Auri Lekitxo!!!
Gaurko gaian sartu aurretik, aurtengo azken testu honetan, azken bi urte hauetan gure eskualdeko naturarekiko begirada osoa lortzeko asmoz egindako geodibertsitatearen aldarrikapena gogoratu nahi nuke. Geodibertsitatea, naturaren eta gure paisaiaren egitura- oinarria da. Substratu geologikoak biodibertsitateari euskarri edo sostengu fisikoa eskeintzen dio, gure eskualdeko erliebea sortu du, biosferarekin, atmosferarekin eta hidrosferarekin elkarrekintza zuzena dauka egungo klima aldaketan, ekosistemen zerbitzuen parte ere bada, gure gizarteari baliabide eta ondasun natural zati handi bat eskeintzen baitio, eta gure kultura eta nortasuna errotu diren substratuaren jabea ere bada. Sarean eskuragarri dauden testuetan jorratu dira, goian aipaturiko ideiak.
Orain, duela gutxi eskuartera iritsi zaidan albiste bat zuekin partekatu nahi nuke eta, gainera, goian esandakoarekin, neurri handi batean, badauka lotura.
Lea ibaia jaiotzen den basoa erosi du Lekeitiok, bertoko ibaiak eta basoak zaintzeko!. Orain, Lea ibaia Lekeitioko lurretan jaio eta itsasoratzen da. Ekimen honekin, Lekeitioko Udalak ur edangarriaren kalitatea bermatu eta eskualde mailan bertoko basoen aldeko apustua egin nahi du. Gainera, krisi klimatikoari aurre egiteko eta biodibertsitatea zaintzeko, zoriontzeko ekimena da. Auri Lekitxo!!!
Lea ibaia kontserbazio bereziko eremua da, Europa mailan Natura 2000 sarean sartuta dagoena. Bere zaintzarako eta kontserbaziorako garrantzitsua da ibai-ekosistema honekin lotura estua duten gai guztiak kontutan hartzea. Horietako bat, ibaien inguruko lurrei ematen zaien erabilera da. Lea ibaiaren jaiotzatik gertu, basogintza intentsiboa bukatuta, ibai-ekosistema honen zaintza erraztuko da. Ibaiak sistema oso dinamiko eta konplexuak dira; ura, elikagaiak eta sedimentua garraiatzen dituzte, eta horien arabera izaki bizidunen komunitate desberdinak finkatzen dira. Ibai-ekosistema hauen berreskurapen edo zaintza lanetan, ibaien egoera ekologikoa aztertu behar da, baita geologikoa (hidrogeomorfologikoa, esaterako) ere. Balio natural eta paisajistiko handiko ingurune hauek egungo krisi klimatikoari edo ingurumen krisiari aurre egiteko, lurralde-plangintzan sartu beharrekoak dira. Beraz, nere esker ona adierazi nahi nioke Lekeitioko Udalari, hartutako ekimen garrantzitsu honengatik.